Eboluzio konbergentearen adibide polita aurkitu berri dute ikertzaile batzuek. Antza denez, bada marrazo bat atunaren antzerako diseinua erabiltzen duena igeri egiteko.
Pentsatu izan da atunaren anatomia berezia bakarra zela; beste arrainek ez bezala, atunaren muskuluak gorputzaren erdialdean pilatzen dira, eta hor egiten du indarra atunak buztana mugitzeko. Bada, Isurus generoko marrazoak ere antzerako egitura bat erabiltzen du igeri egiteko.
Bi arrain-mota horiek txoko ekologiko bera dute, oso azkarrak dira, eta migrazio luzeak egiten dituzte. Eta eboluzioak duela 400 milioi urte banatu zituen arren, gaur egun igeri egiteko estrategia bera erabiltzen dute.