Ondoko irudiak astronomoek atzeman berri duten fenomeno berria jasotzea lortu du. Ez da, ordea, zeregin xamurra izan. Egunsentiko argazki arrunta dirudiena, ionosferan —hots, 75 eta 90 kilometro artean— gertaturiko ionizazio-multzoa da.
Zehazki esan irudiak jaso duen unea ionizazio-prozesua gertatu ondorengoa da eta bi eratako erreakzio-multzo atzeman daitezke: jet modukoa lehena eta medusa baten kanpo-itxurakoa bigarrena.
Fenomenoa ikusi ahal izatea eta jasotzea lortu bada ere, bere jatorria argitzeak luzeago joko duela diote ikerlariek. Ionizazioa zerk eragin duen esateko orduan ez datoz bat fenomenoa ikertzen ari diren bi talde nagusiak, Alaskako Unibertsitateko eta Los Alamos Laborategiko astronomoak, hain zuzen ere. Gama-izpiekin edo eremu magnetikoekin zerikusia izan dezakeela uste bada ere, ez da oraingoz inolako hipotesirik baztertu. Alexis sateliteak igorriko duen informazioa jasotzean argitu omen daiteke auzia. Bitartean, argazkian jaso dugunaren antzeko fenomeno ikusgarriak gertatzen ari dira.