Magellan deituriko espaziuntziak artizarreko sumendien berri eman digu bidalitako radar-irudi batzuen bidez. Irudian ikusten diren koroak erupzio masiboen arrastoak dira. Pasadona-n dagoen laborategi bateko Ellen Stofan geologoak 40 koroa baino gehiago aurkitu ditu artizarrean.
Magellan-ek joan den urteko irailean atera zituen lehen argazkiak eta igaro den maiatzean amaitu du lehen behaketaldia. Argazkietan ikus daitekeenez, oso sumendi luzeak agertzen dira (160 eta 1.000 km luzerakoak alegia) eta elkarren artean 1 eta 2 km-ko altuera duten koroa-segidak ere bai.
Stofan-ek zioenez, kraterren frakturazio handia, bi faktoreren arteko konbinazioa izan zitekeen; planetako tenperatura handiaren (batezbeste 480°C) eta ur-ezaren arteko konbinazioa. Tenperatura altutan haitzen pisua ez da nahikoa izaten lurrari eusteko eta erupzioen bidez haitzak lekuz aldatu egiten dira. Formazio frakturatu hauek sortu bezala daude; ez bait dago higadura sortuko duen urik.
Sumendi hauen antzinatasuna zenbatekoa den jakitea zaila da. Izan ere Magellan sateliteak oraingoz bere lana bukatu du. Hala ere, bigarren aldian Magellan-ek planetako argazki selektiboagoak aterako dituenez, ikerlariak datu horiek edukitzeko itxaropenetan daude.