Arrainen sexua bereizteko metodo erraz eta erabilgarri bat garatu dute EHUn

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

RNA, zehazki 5S rRNA, arrainen sexua identifikatzeko markatzaile aproposa dela frogatu dute EHUren Zoologia Saileko Zelulen eta Ehunen Biologia Laborategiko ikertzaileek.
arrainen-sexua-bereizteko-metodo-erraz-eta-erabilg
Bizkaiko Golkoko espezie guztietan da erabilgarria EHUn garatutako metodoa. - Arg. © Richard Griffin/123RF

Ibon Cancio da ikerketa horretan parte hartu duen zientzialarietako bat, eta, hark azaldu duenez, 5S rRNA emeen gonadetan adierazten da, beharrezkoa baita erribosomak ekoizteko eta gero obozitoak garatzeko. Aldiz, haren espresioa oso txikia da arren gonadetan. Gainera, intersexuak ere badirela esan du Canciok: “Obozitoak dituzten arrak dira, eta, horiek tarteko adierazpena erakusten dute”. 

Arrainen 5S rRNA kuantifikatzeko, polimerasaren kate-erreakzioan oinarritutako teknika ezaguna erabiltzen dute, PCRa. Teknika erraza, merkea eta fidagarria da, eta merkatuan interesgarriak diren Bizkaiko golkoko arrain-espezie guztietan ematen ditu emaitza onak, edozein ugalketa-fasetan: txitxarroa, sardina, berdela, legatza, oilarra...  

Cancioren esanean, sexuak erraz bereizteko aukera izatea oso da baliagarria, baina, arrantzarako, are baliagarriagoa da jakitea ugalketa-zikloaren zein fasetan dagoen emea. Bada, EHUren laborategian garatutako metodoa horretarako ere erabilgarria dela baieztatu dute ikertzaileek. Environmental Science&Technology aldizkarian argitaratu dute ikerketa.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila