Helycobacter pylori bakterioak gastritis kronikoak, ultzera peptikoak eta, beharbada, minbizia eragiten ditu giza urdailean. Bakterioa detektatzeko, gaixoei endoskopia edo biopsia egin behar izaten zaie eta, ondoren, bakterioa hazi. Metodo diagnostikoa, beraz, motela eta gogorra da; gainera, infekzio-arazoak eragin ditzake.
Diagnositikoa egiteko beste bidea Helycobacter pylori bakterioak urea degradatzeko duen gaitasunaz baliatzea da: gaixoak karbono-13 duen urea irensten du eta arnasa botatzean karbono dioxidoak duen karbono-13 kantitatea neurtzen da. Karbono-13 atomoa egonkorra da eta ez da kaltegarria. Baina diagnostikoa modu horretan egin ahal izateko, aparatu oso garestia eta teknikaria ezinbestekoak ziren orain arte.
Europako Batzordeko ikerketa-talde batek, ordea, IRIS Mark II deritzon detektagailua garatu du. Detektagailua erabiltzea erraza (erizainak berak kalibra dezake), erosoa eta azkarra izateaz gain, bakterioa haztea baino 20-25 aldiz merkeagoa da. IRIS aparatua oso sentikorra da eta % 98ko fidagarritasunaz egiazta dezake H. Pylori bakterioak kutsatu gaituen ala ez. Horrez gain, beste hainbat aplikazio dauzka, hala nola gibelean eta arean. Dena den, abantaila tekniko handiak izan arren, aparatua ez da oraindik gehiegi zabaldu.