Arma kimikoak itsaspean

Bigarren Mundu Gerraz geroztik ixilik daude, baina edozein momentutan piz daiteke alerta gorria. Baltiko itsasoan, urpean, arma kimikoak lozorro gozoan omen daude une honetan, baina berehalakoan etor daiteke abisua. 300.000 tona arma kimiko daude itsasoan ezkutaturik, baina ez, bistan denez, betiko.

Adituek aditzera eman dutenez, 2002 eta 2005 urteen bitartean hasiko dira arma kimikoak babesteko erabili ziren biltontziak hondatzen. Higadurak pitzatu egingo ditu eta, normala denez, arma kimikoak askatzen hasiko dira. Prozesu hori jadanik hasia da, baina oraindik 4 urte inguru ditugu neurriak hartzeko, orandik ez baita erabat azaleratu hondamendia. Neurririk hartuko ez balitz, ordea, inguru horretan sekula izan den istripu ekologikorik larriena eragingo lukete armek.

Panorama beltza, beraz, Baltikoan ikusten ari garena. Eta oraindik okerrago izan daiteke: une honetan ez baitago arazoari heltzeko inolako programa ofizialik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila