Polimero magnetikoak badaude, eta argiarekiko sentikorrak diren imanak ere bai, baina lehen aldia da argiarekiko sentikorra den polimero magnetiko bat sintetizatu dela. Polimeroa Utah-ko eta Ohio-ko Unibertsitateetako ikertzaileek sintetizatu dute, eta Physical Review Letters aldizkarian eman dute haren berri. Polimero magnetiko optikoa argi urdinaren pean sei orduz edukiz gero, materialaren magnetismoa % 150 handitzen da eta ilunpetan ere magnetismoari eusten dio. Argi berdearen pean, berriz, polimeroak irabazitako magnetismoa galtzen du, baina ez erabat, berez dena baino % 60 magnetikoagoa baita bukaeran.
Propietate horiei esker, informazioa gordetzeko eta ezabatzeko oso material egokia izan daitekeela uste da. Dena dela, fruituak epe luzean baino ez dira ikusiko, aipatutako propietateak oso tenperatura baxuan baino ez baitira agertzen, 75 kelvinetan (-198 ºC) alegia. Polimeroa tetrazianoetilenoa (TCNE) eta manganeso-ioiak konbinatuz sintetizatu dute. Ikertzaileek oraindik ez dakite argiaren egintza-mekanismoa zein den, baina uste dute TCNE molekulen konfigurazioa aldaratzen duela.