Argia baino azkarrago?

Posible al da argia baino abiadura handiagoz mezurik bidaltzea?

Bi ikerlari amerikarrek baietz diote. Hori egia balitz, fisikako oinarrietako bat eta Einsteinen erlatibitate-teoria bertan behera geratuko lirateke.

Argia uhin-mota bat da eta hutsean higitzen denean 300.000 km/s-ko abiadura du. Abiadura hau konstante mantentzen da inguru homogenotan, hau da, ez da handiagotzen eta ez txikiagotzen. Gainera balio hori limite absolutu eta gaindiezina da. Beraz, ez dago objektu fisikorik abiadura hori gaindi dezakeenik. Propietate hau Einsteinek ezarri zuen erlatibitate-teoriaren barnean eta printzipiorik oinarrizkoena izan da, eta da, fisikan. Hau ez da argiaren abiaduran bakarrik betetzen; beste edozein uhin elektromagnetikotan ere bai baizik.

Hala ere, uhin-sorta batek ez du abiadura bat bakarrik; bi baizik. Lehenengoa sorta-abiadura da. Abiadura honetan seinalearen energia eta daukan informazioa higitzen dira. Bigarrena "fase-abiadura" da eta ulertzeko zailtasun handiagoak ditu. Fasearekin batera zirkulatzen duena uhin-ezaugarria da, baina ez da ezer materiala edo ezer fisikoa.

Fase-abiadura 300.000 km/s-koa baino handiagoa izan daiteke eta hau ez doa erlatibitate-teoriaren aurka; ez bait da energia. Une honetan kontutan hartu behar da Wisconsin-go unibertsitateko Koryu Ishü eta Georges Giakos ikerlariek esan dutena: seinale bat, bere energia barne, 300.000 km/s baino abiadura handiagoan transmiti daiteke.

Horretarako, oso saiakuntza berezia burutu dute. Frekuentzia handiko sorgailu batek uhin-sorta bat emititzen du. Sorgailuaren ardatzaren ondoan detektore bat kokatzen da. Detektore honek fase-abiaduran (beraz argiaren abiadura baino handiagoan) doan zerbait fisikoa erregistratzen du. Beraz, erlatibitate-teoria berraztertu egin beharko al da?

Berri honek fisikaren mundua iraul badezake ere, zientzilariek ezer gutxi esan dute. Ishü eta Giakosen lanak 1989. urtean hasi ziren argitaratzen eta beti izan dira ulertzen zailak.

Dena den, baten batek zerbait esan beharko du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila