Satelite bidez hartutako Lurraren argazkien artean, gaueko argi artifiziala erakusten dutenak aski ezagunak dira. Horiei begiratuta, argi-poluzioaren nolabaiteko ideia jaso dezakegu. Italiako Purdueko UnibertsitatekoPierantonio Cinzano eta Fabio Falchik datu zehatzagoak lortu nahi izan dituzte, eta, horretarako, DMSP satelite militar meteorologikoek jasotako datuak prozesatu dituzte, argi artifiziala atmosferan nola hedatzen den aztertzeko.
Informazio horrekin, argi artifizialak gauez zeruan sortzen duen dirdira jasotzen duen lehenengo munduko atlasa egin dute. Horren arabera, satelite bidez hartutako argazkietan ilun agertzen diren eremu askok ere inguruko argi-poluzioaren eragina jasaten du. 1996-1997 arteko datuen arabera, munduko populazioaren bi herenak eta mendebaldeko Europan eta AEBetako eremu kontinentalean bizi direnen % 99k ez du guztiz izarratutako zerua ikusteko aukerarik. Datu horiek, ziurrenik, larriagoak izango dira gaur egun.