Spix-eko ara edo guakamaioa munduan dagoen hegaztirik preziatuenetakoa da. Halaber, desagertzeko arrisku bizian dagoela eta, babes-neurriak jartzeko eskatu dute Brasilgo talde ekologistek, bertan aurkitu baitzuten 1990ean Spix-eko azken ara basatia.
Brasilgo ekialdeko oihanean aurkitu zuten zerrendatu gabeko ara-mota hau, lumaje ugari eta ikusgarrikoa da eta geroztik, altxor desiragarri bilakatu da. Brasilgo Gobernuak, ordea, munduan bakarra den Spix-eko ara babesteko intentzioa duela eta, ikerketa saioak arras murriztu ditu.
Munduan bakarra izanik, bikotekidea bilatzea espeziearen iraupenerako irtenbideaz gain, ikerlari askoren obsesio bilakatu da. Esatetik egitera, ordea, tarte handiegia dagoela ohartu dira. Izan ere, orandik ez daki inork zer behar duen gure ara bakartiak arra ala emea. Isatsaren luma aztertuz jakin liteke, baina nola egin ararengana hurbildu gabe?
Oxfordeko Unibertsitateko ikerlariak PCR teknika erabiltzen ari dira araren familia bereko aleak ezagutu eta azterketaren ondorioak gure lagun bakartiarentzat ere baliogarriak diren probatzeko. Bitartean, lasai bizi da mundu erdia hankaz gora jarri duen guakamaio gaztea.