Apple-ren eskaintza berriak

Nahiz eta autoedizio-munduan Macintosh ordenadoreek abantaila nabarmenak erakutsi, ordenadore pertsonala erosteko unean badirudi orain arte IBMren PCetara jo izan dela, hauen eta Macintosh-en arteko prezio-diferentzia dela medio.

Ordenadore pertsonalak hartzen ari diren pisuaz oharturik, Apple eskaintza berri batekin dator eta oraingo honetan benetan prezio harrigarriekin gainera. Hiru eredu aurkeztu ditu: Macintosh Classic da sinpleena eta 99.000 pta.tan lor daiteke; Macintosh LC koloreekin lan egiteko eta Macintosh II familiako ordenadore merkeago bat, Macintosh IIsi.

Macintosh Classic-ek bi konfigurazio posible ditu:

  • 1 Mb-eko RAM memoria eta 1,4 Mb-eko disko-unitatea
  • 2 Mb-eko RAM memoria, 1,4 Mb-eko disko-unitatea eta 40 Mb-eko disko gogorra.

Eredurik berriztatzaileena Macintosh LC izan daiteke; aurreko koloretako ekipoekin konparatuz %60ko beherapena bait du. Testuak eta koloretako grafikoak konbina daitezke, soinua sartzea onartzen du eta Apple II familiarekin bateragarri da. Classic-en abiadura bikoitza du eta 2 Mb-eko RAM memoria (10 Mb-eraino heda daiteke) 1,4 Mb-eko disko-unitatea eta 40 Mb-eko disko gogorra ditu.

Eredu hau datorren urtearen otsaila aldera egongo da eskuragarri eta 235.000 pta. balioko du.

Hiruretan handiena Mac IIsi dugu; Mac IIcx-en parekoa. 256 kolorekin edo gris-mailarekin egin daiteke lan eta soinua sartzeko aukerak ere ematen ditu. 20 Mhz-eko abiadura du eta ondoko hiru konfigurazio hauek eskaintzen dira:

  • 2 Mb-eko RAM memoria eta 40 Mb-eko disko gogorra
  • 5 Mb-eko RAM memoria eta 40 Mb-eko disko gogorra
  • 5 Mb-eko RAM memoria eta 80 Mb-eko disko gogorra

Hiru konfigurazio hauek 1,4 Mb-eko disko-unitatea ere barne dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila