1988. urtean guztira 8.266 tona harrapatu ziren eta hauetatik 6.950 tona antxoaren arrantzaldian.
Lortutako tamainarik ugariena kiloko 36 eta 41 ale bitartekoa izan zen; txiki xamarra, beraz. 1987. urtean itsasoan 3.200 tona geratu ziren harrapatu gabe, eta haiek ugalduta eskuratu ziren 1988.eko tonak. 1988. urtean ere arrautza-laginketen kanpainak egin dira eta estudio hauen ondorioz bi errute-leku garrantzitsu aurkitu dira. Bata 45ºko latitudean dagoen ezpondan kokatu da eta bestea euskal itsasertzean. Arrautza gehaigo jarri da 1988. urtean aurrekoan baino; antxoa gazte (urtebetekoa) asko dagoelako hain zuzen.
Ikus dezagun itsasoko antxoa-stockaren tamaina nola kalkulatzen den. Arrautza-kanpainari esker, Bizkaiko Golkoan egunero 6.180.000 milioi arrautza jartzen dela jakin da. Bestalde, batezbesteko antxoa batek (32 g-koak) 15.000 arrautza jartzen ditu errunaldi bakoitzean. Beraz, 13.000 tona antxoa eme beharko lirateke egunero erruten. Baina eme guztiek ez dute egunero erruten; batezbeste %30ak erruten du.
Beraz, faktore hau aplikatuz 43.000 tona antxoa eme lortzen da. 100 antxoetatik 55 eme direla kontutan hartuz, 82.000 tona antxoa ugaltzaile (urtebete edo gehiagokoak) lortzen da. Datu hauek 1988ko maiatzekoak zirenez gero, ebaluatutako antxoa-kopuruaren adina aurten 2 urte edo gehiagokoa izango da. Beraz, zenbakiek etorkizun itxaropentsua adierazten dute, nahiz eta segurtasun osoz ezin ezer esan; beti bait daude aurrikus ezin daitezkeen faktoreak.