Saharaz hegoaldeko Afrikan egindako bi ikerketatan, frogatu dute hiesa tratatzeko erabiltzen diren botikak eraginkorrak direla hiesetik babesteko. Ikerketetan parte hartu duten bi erakundek, Estatu Batuetako Gaixotasun Infekziosoen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak (CDC) eta Washingtongo Unibertsitateak, elkarrekin jakinarazi dute albistea; haien esanean, emaitzak hain dira onak, ezen plazeboaren adarra bertan behera utzi baitute.
PrEP azterketaren 2009ko bilerako partehartzaileak, Kenian. ARG.: WASHINGTONGO UNIBERTSITATEA
Bi ikerketak PrEP azterketak ziren ( pre-exposure prophylaxis ), hau da, birusaren eraginpean jarri aurretiko prebentzioa. Duela hilabete batzuk, azterketa-mota bereko beste ikerketa baten emaitzak kaleratu zituzten, eta orduan ere emaitzak onak izan ziren, antirretrobiralek hiesa hartzeko arriskua %43,8 gutxitzen zutela frogatu baitzuten (ikus 2010eko azaroko Elhuyar aldizkariko albisteak). Oraingoan, emaitzak are hobeak izan dira.
Hain zuzen ere, Kenian eta Ugandan egin dituzte bi ikerketak, eta, guztira, 4.758 bikote diskordantek parte hartu dute (diskordante deitzen zaie bikotekideetako batek hiesa duenean eta besteak ez). Bi botika-mota probatu dituzte: tenofovirra hutsik, edo tenofovirra eta entrizitabina batera (Truvada), eta bi taldeetan plazebo-taldea zegoen. Denei eman zieten hiesari buruzko informazioa eta prebenzio-neurriei buruzkoa. Ikerketa 2008ko uztailean hasi zen, eta aurtengo maiatza bitartean ikusi dute tenofovirrak %62 gutxitzen duela kutsatzeko arriskua, eta Truvadak, berriz, %73.
Emaitza on horiek direla eta, ikertzaileek bertan behera utzi dute plazeboaren adarra. Izan ere, prebentzioa eraginkorra dela ikusita, ez litzateke etikoa izango talde horrek botikarik hartu gabe jarraitzea. Horrez gain, ikerketaren arrakasta azaltzeko arrazoi bat ere eman dute. Ikertzaileen ustez, ikerketarekiko bikote diskordanteek izan duten atxikimendua oso estua izan delako gertatu da hori; alegia, aurrekoetan parte-hartzaileek ez zituzten hain ondo bete ikertzaileek emandako aginduak, eta horregatik ez zituzten hain emaitza onak izan.
Ikertzaileen arabera, emaitzak are hobeak dira testuingurua kontuan izanda. Izan ere, ohiko prebentzio-metodoek (abstinentzia eta kondoiak erabiltzea) ez dute arrakastarik herrialde horietan, jendeak ez baititu aintzat hartzen. Emakumezkoak dira kaltetuenak: gehienek ez dute sexu-harremanei uko egiteko aukerarik, ezta bikotekideari kondoia jarrarazteko ahalmenik ere. Hori dela eta, ikertzaileek esan dute pilula antirretrobiralak prebentzio-neurri eraginkorra bihur daitezkeela, eta, beraz, estrategia-aldaketa nabarmen bat ekar dezaketela hiesaren aurkako borrokan.
Daniel Zulaika Osakidetzako Hies Planaren koordinatzaileak, ordea, ez du hain argi ikusten ikerketan lortutako emaitzak botika horiek prebentzio-metodo gisa erabiltzen hasteko modukoak direnik: "Hainbat oztopo eta arazo dituztela iruditzen zait. Zientziaren eta ikerketaren ikuspuntutik, bai, emaitza onak dira; baina ezin dugu ahaztu horiek hartuta ere babesten ez direnak (% 30-40) hiesarekin kutsatuko direla. Eta badakigu botika horiek hartzea baino askoz eraginkorragoa dela kondoiak erabiltzea".
Zulaikaren ustez, kondoiak erabiltzeko aukera edo ohitura gutxiago dagoen herrialdeetan botika horiek prebentzio-metodo gisa erabiltzearen arazoa ekonomikoa da: "Une honetan, 15 milioi lagun daude infektatuta garatu gabeko herrialdeetan, eta 5 milioik bakarrik jasotzen dute tratamendua. Hortaz, dirurik ez badago dagoeneko infektatuta daudenak tratatzeko, nola bideratuko dugu dirutza hori (100 euro behar dira urtean pertsona bakoitzeko) prebentzioa egiteko? Ez da koherentea".