Joan den abuztuan NASAk duen globo handiena (60 oineko eraikinaren altueraren parekoa) aireratu zuten atmosferako goi-geruzak aztertzera. Asmoa: antimateria-partikulak harrapatzea. Horretarako 2 tonako tresna japoniarra zeraman eta 32 km-ko altuerara igo behar izan zuen. Antimateriak ohiko materiaren kontrako karga du.
Hots, protoiek karga positiboa badute, antiprotoiek negatiboa dute. Materiak eta antimateriak topo egitean elkar suntsitzen dute energia ugari askatuz eta hori ikertzea garrantzitsua da Unibertsoan diharduten energia-prozesuak ezagutze aldera. Emaitzek hainbat antiprotoi harrapatu zituela adierazi dute, baina hori ugaria izan ez arren, ez da harritzekoa, espazioko partikula arrunten arteko talkaz sor baitaitezke. Beraz, helburua antimateriaz osatutako partikula konplexuagoak topatzea da. Hala nola antihelioa, talka-bidez sortzea zaila dena eta, beraz, osagaien artean antihelioa luketen sistemak edota galaxiak leudekeela adieraziko lukeena. Azken sei urteetan egindako ikerketetan ez dute antihelioaren zantzurik topatu, Unibertso hurbilenean antimateriarik ez dagoela dioen teoria indartuz.