Antihidrogeno hotza

Antimateria ikertzearen arazo nagusia antimateria bera sortzea izaten da. Eta, sortuta ere, zaila da iraunaraztea. Izan ere, sortzen dituzten partikula horiek azkarregiak izaten dira harrapatu eta aztertu ahal izateko. Horregatik, ATRAP elkarteko fisikariek antihidrogenoa mantsotzeko metodo berria garatu dute.

Antihidrogenoa bi partikulaz osatuta dago, antiprotoi batez eta antielektroi batez, hain zuzen. Eta horietako bakoitza iturri batetik lortzen dute fisikariek. Antiprotoia partikulen azeleragailu batez eratu behar da, eta antielektroia iturri erradioaktibo batetik jaso. Orain arte, tranpa magnetiko baten bitartez nahasten zituzten biak, baina emaitza oso atomo azkarra zen.

Azkarregia. Orain, antielektroia garraiatzeko modu bat aurkitu dute fisikariek, zesio-atomo bateko kanpoko elektroiekin elkarrekintza eraginda. Horrela, antiprotoietara hurbiltzeko eta antohidrogenoa sortzeko aukera ematen du. Emaitza askoz atomo mantsoagoa da, ustez, esperimentuetan erabiltzeko aproposagoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila