Antibiotikoek zerikusia dute alergiarekin

Estatu Batuetako ikertzaile batzuek baieztatu dute antibiotikoek badutela zerikusirik alergien garapenean. Horrek lagun dezake ulertzen zergatik ugaritu diren alergia-kasuak azken berrogei urteetan.

Izan ere, eztabaidan dago zergatik den hain handia alergia-kasuen kopurua gaur egun. Ez dago argi zerk eragin dituen hainbeste kasu. Hipotesi baten arabera, etxeak oso garbiak egotearen ondorioa da; nonbait, gorputzak ez du behar adina aukera izaten alergia eragiten duten partikulekin kontaktuan izateko, eta, beraz, ez du ikasten partikula horiei aurre egiten.

Baina beste hipotesi batek dio antibiotikoak hartzearen ondorioz azaltzen direla alergiak; antibiotikoek digestio-hodian dauden mikroorganismoen oreka hausten dute, batzuk hiltzen eta beste batzuk ugaritzen dituztelako.

Antibiotikoen eraginez, besteak beste, legamiak ugaritzen dira digestio-hodian, eta, ikertzaileek frogatu dutenaren arabera, legamiek handitu egiten dute alergiekiko sentikortasuna. Hau da, antibiotiko asko hartuta, sendatu bai, baina legamiak ugaritu eta alergia izateko aukerak handitzen zaizkigu.

Ikerketa honek indartu egiten du alergien jatorriaren bigarren hipotesia. Ez bakarrik antibiotikoen eta alergien arteko lotura fisiologikoa aurkitu duelako, baizik eta datu historikoekin bat egiten duelako. Izan ere, azken berrogei urteetan asko handitu da antibiotikoen kontsumoa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila