Vostok lakua 1994. urtean aurkitu zuten: Antartikako ekialdeko izotz-geruzaren azpian dagoen ur gezazko laku erraldoia. 280 km luze ditu eta zenbait lekutan 500 m-tik gorako sakonera. Eskualde hartan dauden 70 lakuetatik handiena da eta berebiziko interesa du ikertzaileentzat, antzinako mikroorganismoen bizileku izan baitaiteke.
Lakuaren gaineko izotz-geruza sortu zenetik, edo, bestela esanda, azken 10 milioi urteetan lakuaren eta ozeano zein atmosferaren arteko zuzeneko elkarrekintzarik ez da izan. Eta biziak elkarrekintza horiek beharrezko ditu garatu ahal izateko.
Lakua glaziazio aurreko garaiko ondarea ez bada, gaineko izotz-geruzaren urtzea izan da bere jatorria. Vostok-en eginiko azterketek gaineko izotz-geruza mugitzen den heinean urtu egiten dela adierazi dute: izotza lakuaren ezkerreko muturrean urtu egiten da, lakura erortzen da eta aurrerago berriz izoztu egiten da. Fenomeno horrek izotzaren eta lakuaren arteko elkartrukerako aukera eskaintzen du eta mikroorganismoei bizi ahal izateko aukera ematen die: uren zirkulazioak elikagaien zirkulazioa baitu berarekin.
Lakuko ur-geruza guztien adina kalkulatzeko zailtasunak dauden arren, gaur egun urtzen ari den izotzak 500.000 urte dauzka. Horrek lakuko ur-geruza gazteenak gutxienez 500.000 urte dituela esan nahi du, eta hori asko da mikroorganismo-talde bat ingurunetik isolatuta egoteko. Hala ere, joan den urtean Vostok lakutik ateratako izotzean bakterioak aurkitu zituzten.
Ikertzaileek lakuaren lurzorura ere begiratu dute energia-iturri bila; izan ere, guneak aktibitate tektonikoa baitauka, eta baliteke lakuan ere itsas hondoetako sumendien inguruan sortutako biziaren antzeko zerbait garatu izana.
Ikertzaileek interes handia daukate Vostok lakua aztertzeko, gune honetan dauden baldintza fisikoak Jupiter planetaren Europa satelitean —izotz-geruza erraldoi batez estalitako ilargia da— daudenen antzekoak baitira. Vostok-en ikerketak Europa ezagutzeko bide eman diezaieke zientzialariei.