Antartikako bi plakak

Lurrak ez du beti gaur egun duen itxura izan. Kontinenteak mugitzen diren plaka tektonikoen gainean daude kokatuta, bata bestetik urrunduz eta bata bestera hurbilduz. Plaken higidura edo Kontinenteen Jitoa deritzo horri eta, nahiz eta teoria lehenengoz Wegener-ek 1912.ean plazaratu zuen, 60ko hamarkada bitarte ez zitzaion gaiari serioski heldu.

Azken 30 urteetan Lurra osatzen duten plakak identifikatu eta izendatu egin dira, baita horien mugimenduen nondik norakoak ezarri ere. Kontinente eta plaka saltsa horretan, Antartika da gutxien aztertu dena eta orain arte nahiko ezezagun izan dena. Kaliforniako Unibertsitateko Ozeanografia Erakundeak Antartikari buruzko ikerketa geomagnetiko sakona egin du, azken 80 milioi urteetan kontinentea nola higitu den jakiteko. Dirudienez, Antartikaren ekialdea eta medebaldea elkarrengandik urruntzen hasi ziren duela 46 milioi urte; 180 km urrundu ziren elkarrekiko eta duela 26 milioi urte mugitzeari utzi egin zioten.

Higidura honek Antartikaren morfologiaren hainbat puntu argitzeaz gain, Australiako eta Pazifikoko plaken mugimendua ulertzen laguntzen digu. Aurkikuntza honek plaken higidura globalean eragiten du, bestalde.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila