Plentziako Itsas Estazioko (PIE/EHU) ikertzaileek orain arte inoiz ikusi gabeko parasito bat hauteman dute euskal kostaldeko uretan. Txikispora philomaios izena jarri diote, espora txiki bat delako (eukarioto unizelularra) eta maiatzean bakarrik azaltzen delako. Urteko beste hilabete guztietan, desagertu egiten da. Baina bere ezaugarri bereizgarriena da leinu primitibo bateko organismo bat dela, justu animaliak emango zituen organismo zelulabakarra diferentziatu eta organismo zelulanitzak emango zituen puntutik oso hurbil kokatzen dena. Beraz, animalien zelulaniztasunaren jatorria azaltzen lagunduko duela adierazi du Ander Urrutia PIEko ikertzaileak.
Duela ehunka milioi urte ustez ozeanoan zegoen organismo zelular beretik datoz munduko animalia eta onddo guztiak. Uneren batean, organismoa elkartzen eta bikoizten hasi zen, elkartutako zelulak ehunak osatuz espezializatzen joan ziren, eta halako batean gorputz bihurtu ziren. Txikispora philomaios parasitoaren genomaren azterketak lagunduko du ulertzen animalien zelulaniztasuna nola garatu zen; alegia, zelulak noiz eta nola hasi ziren elkarrekin komunikatzen, elkartzen eta espezializatzen.
Hain zuzen, zelulaniztasuna garatu aurretik, animalien eta onddoen arbaso komuna bereizi zenetik denbora gutxira eboluzionatu zuen organismo bat da Txikispora philomaios. Itsasoko laginetatik DNA erauzten dute PIEko ikertzaileek, ingurune-DNA, eta, zuhaitz filogenetikoak egin ondoren, konturatu ziren parasito berriak ez zuela bat egiten ordura arte ezagutzen ziren taldeetako batekin ere. Hau da, espezie berri batez harago, genero berri bati, familia berri bati eta ordena berri bati ere badagokio. Baina oraindik ez dakitezer animalia parasita litzaketen ere.
Erresuma Batuko CEFAS ikerketa-zentroarekin batera egin dute ikerketa EHUko ikertzaileek, eta ikerketa-lerro berri bat irekiko duela adierazi dute. Journal of Eukaryotic Microbiology aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.
Elhuyarrek garatutako teknologia