Animaliak izurrite dira batzuentzat

Keniako animali genetistek Estatu Batuetakoekin, Danimarkakoekin eta Afrikako zenbait estatukoekin batera, Kenian aske bizi diren animalien dibertsitate genetikoa zaintzeko programa bat eratu dute. Programa hau, animalia askeekiko agertu den zenbait jarrerari aurre egiteko sortu da. Jarrera hauen arabera, batzuentzat animalia askeak ustiapen ekonomiko diren bitartean, besteentzat izurrite dira.

Rashid Aman eta Pieter Kat Keniako museoetako genetistek, animalien ezaugarrien eta ohituren bilduma egin nahi dute. Orain dela urte batzuk eman ziren lehen urratsak bide honetan. Lehen lagina sendatutako elefante zauritu batengandik jaso zen. Orduz geroztik Aman eta Kat-ek beste elefante, basa zakur, leopardo eta behitar batzuengandik jaso dituzte laginak.

Kenian dauden basa animalietako % 70 lur pribatuetan bizi da. Gobernuak prestatutako plangintza baten arabera abeltzantza bultzatu nahi da eta horretarako basa animaliak akabatzeko baimena ugari ematen ari da. Izan ere animalia hauen haragia salgai jarri bait daiteke.

Ekintza hauek direla eta, animalien migrazioak aldatu egingo dira, eta ondorioz, ohiturak ere bai. Animaliak babesik gabe gera daitezke, bai gizakiaren aurrean, bai gaixotasunen aurrean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila