Angel Emparanza: “Teknika hau fidatzeko modukoa da”

Zertan datza inplanteak jartzeko sistema honen berrikuntza nagusia?

Behar bada, jendeak pentsa dezake berrikuntzarik nabarmenena hortz-hagin guztiak egun berean jartzea izango dela, baina hori ez da egia. Lehendik ere, beste teknika batzuk erabilita, posible zen hortz-hagin guztiak egun berean jartzea. Sistema honen berezitasun nabarmena aurrez egindako egiturak dira. Egitura horiei esker, inplanteak jartzen diren une beretik sekulako zurruntasuna lortzen da eta, itxura guztien arabera, horrela gainerako inplante-tekniketan gerta daitezkeen mugimenduak saihesten dira.

Oso berria al da teknika hau?

Teknika hau duela 6 urte inguru hasi ziren erabiltzen, Suedian, baina laborategian. Jendeari eskaintzeko moduan aurten jarri da, urte-hasieran. Dagoeneko estatuan Bartzelonan, Madrilen eta, noski, hemen, Donostian erabili dugu.

Emaitza onak eman al ditu? Zenbat iraun dezakete teknika horrekin jarritako inplanteek?

Tratamendua berria denez, ezin da esan hortz-haginak zenbat denborarako izan daitezkeen. Dena den, badakigu duela 30 urte beste teknika batzuen bidez jarritako pazienteek oraindik ere badituztela inplanteak; hau da, orduan inplanteak jarri zituztenen % 80k oraindik ere hor dituzte. Modu berean, badakigu % 20k ez dituela, galdu egin dituela. Gure ustez, gaur egun gauzak duela 30 urte baino hobeto egiten ari dira, inplanteak hobetu egin dira, baita materialak ere… eta hortaz, esan genezake tratamendu hau fidatzeko modukoa dela, baduela nolabaiteko bermea. Dena den, badakigu teknika hau ezin dela edozeinekin erabili.

Norekin erabil daiteke bada?

Bueno, lehenik kontuan hartu behar da pazienteari aurrez mekanizatuta dauden piezak jarriko zaizkiola. Horrek esan nahi du pazienteak ezaugarri jakin batzuek izan behar dituela, masailezurraren formak garrantzia du, mastekatzeko erari ere erreparatu behar zaio, hezurraren kalitateari eta abar. Hortz-haginak horrela konpontzea erabaki aurretik, kasu guztiak sakon aztertu behar dira, atzera bueltarik ez duten ustekabeak ager daitezkeelako. Esate baterako, inplanteak jarri eta gero haginak jartzeko behar besteko altuerarik ez dugula geratzen bagara, akabo! Ezingo genuke ezer egin, inplante horiek soilik sistema honetarako balio dutelako. Horrekin zera esan nahi dut, teknika berria oso baliagarria dela, egokia eta interesgarria, baina aurrez hainbat baldintza betetzen badira.

Legazpian jaio zen 1959ko maiatzaren 3an. Medikuntza eta kirurgia ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean. Bordeleko Unibertsitatean Estomatologia eta Aurpegiko eta Masailezurreko Kirurgia espezializazioa egin zuen. Bordelen bertan irakasle izan da, aldizkari espezializatuetan makina bat artikulu argitaratu ditu, baita hiru liburutan parte hartu ere.

Teknika honekin bakarrik beheko masailezurrekin lan egiten duzue. Zergatik? Goiko masailezurrean nerbio gehiegi dagoelako?

Hori kontuan hartzekoa da, baina arrazoia beste bat da. Teknika hau oraindik oso berria da, eta orain arte ikertu eta garatu dena beheko masailezurrari begira ikertu eta garatu da. Izan ere, beheko masailezurrak honelako teknikak erabili ahal izateko moduko ezaugarri anatomikoak baditu, forma ere egokia du eta, hezurrari dagokionez, behar besteko trinkotasuna ere badu. Goiko masailezurrak ez ditu ezaugarri horiek, baina horrek ez du esan nahi teknika hau beheko masailezurreko lanarekin konformatuko denik. Une honetan, goiko masailezurrean antzeko teknika erabiltzeko ikerketak egiten ari dira, antzeko tratamenduak egin litezkeen ikusteko, baina oraindik ez dago jendeari eskaintzeko moduko emaitzarik.

Aizu! ebakuntzan zehar deigarria egin zait pazientearen egoerak, erdi-lo erdi-esna.

Ebakuntzarako, batetik, lasaigarriak ematen zaizkio pazienteari, sedatuta egon dadin; bestetik, anestesia lokala erabilita, ahoa erabat lokarrarazten zaio. Guk horrela lan egitea nahiago dugu. Posible izango litzateke pazientea erabat lotan jartzea, baina erdi-lo erdi esna badago ebakuntzako hainbat unetan guri laguntzeko moduan egoten da, nahiz eta bera ez den konturatzen ebakuntzan zer gertatzen ari den. Gainera, kontuan hartu behar da horrela pazientea askoz ere hobeto eta bizkorrago suspertuko dela.

Beraz, ez du batere minik hartzen.

Ez, ahoa erabat blokeatzen baitiogu anestesia lokalarekin. Berez hartzen du arnasa, eta guk pazientea erabat kontrolatzen dugu, badakigu nola ari den arnasa hartzen, zenbat pultsazio dituen… baina konortea duenez, giharren tonuari eusten dio eta ebakuntzan gure aginduak bete ditzake.

Eta gerora? Zainketa berezirik egin behar al du?

Ebakuntza ostean behin baino gehiagotan etorri behar du kontsultara, baina gerora maiztasun jakineko bisitak baino ez ditu egin beharko, urtean behin edo. Bisita horietan gehienbat ahoa zaintzeko ohituren eta garbitze-ohituren gaineko kontrola egiten zaio.

Badakit ondorengo galdera ez zaizula gehiegi gustatuko. Egia esan, galdetzea ere ausartegia izatea ere izan daiteke, baina irakurleek hainbeste merezi dute. Zenbat ordaindu behar da beheko masailezurreko hortz-hagin berriak jartzeko?

Bueno, hortz-hagin horiek banan-banan jarriz gero ordainduko beharko litzatekeen beste, 1.500.000 pezeta inguru. Hori bai, hilabeteetan zain egon gabe.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila