Zenbait azterketa genetikotan oinarrituta, Ranitomeya imitator espezieko igel arrak eta emeak leialak direla ezagutarazi dute Ekialdeko Karolinako Unibertsitateko ikertzaileek. Lehenengo aldia da egiazki monogamoa den anfibio bat aurkitzen dutena.
Animalia askok monogamoak diruditen arren, zenbait azterketa genetikok kontrakoa adierazi dute. Kasu honetan, igelaren DNA-azterketak egin dituzte ikertzaile estatubatuarrek, eta ikusi dute 12 igel-familiatatik (gurasoak eta ondorengoak) 11 familiatan bikoteak erabat leialak direla. Hamabigarren familian, ar bat bi emerekin parekatu zen.
Igel horiek Hego Amerikako euri-oihan tropikaletan bizi dira. Eta oso putzu txikitan jartzen dituzte arrautzak. Putzu horietan zapaburuak ezingo lirateke bi gurasoen zaintzarik gabe bizi. Horrenbestez, helduek elkarrekin irauten dute.