Erresuma Batuan egindako azterketa baten bidez narkosiagatik sortutako heriotz kopurua Jumbo abioiaren istripuengatik sortutakoaren berdina da. Une honetan, 10.000 edo 20.000 narkositan bat hiltzen da.
Hala ere, azken urteotan asko murriztu da narkosiak eragindako heriotz kopurua. Jakintsuek diotenez, narkosiagatiko arriskua ez da adinaren arabera hazten; gaixoak izan ditzakeen beste gaixotasunen arabera baizik, hala nola, gaixotasun kardiobaskular, hepatiko edo alkoholaren zein farmakoen menpekotasunagatikoen arabera.
Erabilitako prozedurak ere badu zerikusirik arriskua neurtzeko garaian. Berlin-en anestesista den Jürgen Link irakasleak ez du uste narkosi lokalek erabatekoek baino arrisku txikiagoa dutenik. Narkosi lokaletan, gaixoari mina kentzeko bizkarrezur-muinean anestesi-injekzioa sartzen zaio.
Link-en eritzian pertsona izeneko faktorea da narkosian dagoen arriskurik garrantzitsuena. Anestesian gertatzen diren egoera larrietako % 70 giza hutsegiteengatik sortzen omen dira. Bigarren mailan anestesi-tresnak jarri behar dira. Normalean oxigeno-eza izaten da anestesietako heriotz arrazoi nagusia. Adibidez, arnas aparatuko tutu garrantzitsuak aska daitezke eta horretaz inor konturatzen ez bada, heriotza gerta daiteke.
Esanak esan, teknologiaren hobekuntzak heriotz arriskuaren txikiagotzea izango du berekin, baina faktorerik garrantzitsuena giza kontrola izango da.