Amoniakoz elikatzen den bakterioa

Herbeheretako Delf Unibertsitateko biologo austriar eta holandarren talde batek aurkitu berri du amoniakoa energi iturri bezala erabiltzen duen bakterioa.

Aspaldidanik zebiltzan ikertzaileak bere bila, amoniakoaren azido nitroso bidezko oxidazioa oso erreakzio energetikoa baita, eta biologiaren printzipio zahar baten arabera halako energi iturri bat ez da galduko naturan. Anammox izendatu duten planktomizetoen ordenako bakterio berri horren tamaina ez da mikrometrora iristen. Azido nitrosoa ugari dagoen ingurunean, amoniakoa xurgatu eta lehen aipatutako erreakzioa gauzatzen da bakterioaren barnean. Aurkikuntza horrek aplikazio teknologikoak izan ditzake, nekazaritzarako ongarrietako amoniakoa kutsadura-iturri garrantzitsua baita. Bakterio horren digestio-sistema aztertzeak amoniakoaren oxidazio-prozesua hobeto ezagutzen lagunduko digu.

Horrela, lurzoruko amoniakoa nitrogeno bihur genezake eta kutsadura desagertarazi.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila