Alzheimerrak sortutako ikusmen-arazoak

Alzheimerra sufritzen dutenak sarritan galdu egiten dira, nora doazen ahaztu balitzaie bezala. Orain arte arazo hau memoria-faltak sortua zela uste zen, baina badirudi arrazoia ikusmen-arazo batek sortzen duela, eta ez memoria-arazoak.

“Mugimenduekiko Itsutasuna” izeneko ikusmen-arazoa dela eta, gaixoek mugimenduaren sentsazioa ez dute ongi jasotzen eta, ondorioz, orientazioa galtzen dute, Rochester Unibertsitateko neurologia-talde batek dioenez. Beraz, Alzheimer gaixotasunak memoriari ez ezik, perzepzioari ere kalte egiten diola frogatu da.

Rochester Unibertsitateko zientzialari-taldeak alzheimerra duten gaixoek informazio bisuala nola prozesatzen duten aztertzeko saiakuntzak egin dituzte, ordenadore baten bidez pantaila handi batean argi-puntuak mugiaraziz. Pertsona normalak argi-puntuak ikusitakoan aurreranzko mugimenduaren sentsazioa sentituko luke, autoz elurretan goazenean jasotzen dugun antzeko sentsazioa sentituz. Alzheimerra jasaten duten gaixoek, ordea, zailtasun handia dute mugimendu-sentsazio hau jasotzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila