Altxerriko goiko galeriako margoak: zaharrenetakoak ez ezik, esanguratsuak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Altxerriko goiko galerian dauden margoak C-14aren metodoaren bitartez datatutako zaharrenak dira Europan, Journal of Human Evolution aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera. Not only Chauvet: Dating Aurignacian rock art in Altxerri B Cave (northern Spain) da artikuluaren izenburua, eta egileak Kantabriako, Burgosko eta Tolosako (Okzitania) unibertsitateetako ikertzaileak dira. Horien artean dago Diego Garate arkeologoa, eta, haren ustez, margoen garrantzia ez da duten adinera mugatzen.
altxerriko-goiko-galeriako-margoak-zaharrenetakoak
Altxerri B pasabideko horman dauden irudiak. Arg. Kantabriako Unibertsitatea.

Altxerriko margo ikertuenak eta ezagunenak beheko galeriakoak dira. Haiek Magdaleniar kulturakoak dira, duela 14.500-11.700 urtekoak direla uste dute, eta, duten garrantziagatik, Uneskok Gizateriaren Ondare izendatu zuen Altxerriko haitzuloa. Orain aztertu dituztenak, ordea, beste galeria batean daude (Altxerri B). Ia lau metroko bisonte handi bat, hartz bat, felino bat, marrak eta beste irudi batzuk ageri dira horma berean, eta ikertzaileen lehen lana haiek datatzea izan da.

Garatek aitortu duenez, “ezinezkoa zen zuzenean datatzea”. Izan ere, okre gorriz margotu zituzten, eta ez zeuden kaltzitaz estalita. Horrenbestez, zeharkako datuak erabili dituzte margoak noizkoak diren jakiteko. Besteak beste, alderaketa krono-estilistikoa egin dute, eta ikusi dute Frantziako Chauvet eta Arcy-sur-Cure haitzuloetako margoen parekoak direla. Gainera, lurrean, margoen hormaren ondoan dauden arrasto organikoak (hezur-zatiak eta hezur erreak) C-14aren bidez datatu dituzte. Datu guztiak aintzat hartuta, duela 39.000 urte ingurukoak direla ondorioztatu dute.

Kantabrian, El Castillo haitzuloan, badira are zaharragotzat jotzen diren beste margo batzuk. Adibidez, gorriz margotutako disko batek gutxienez 40.800 urte dituela frogatu zuten, uranio/torio teknika erabilita. Edonola ere, Garateren iritziz, ez du asko axola haietatik zaharrenak zein diren ikustea: “Altxerriko margoen balioa ez da adinera mugatzen. Batetik, El Castillon datazio zaharrena duen margoa disko bat da, eta hemen, berriz, arte figuratiboa dugu. Hori beste gauza bat da. Beraz, alde horretatik, ezin dira alderatu. Eta, bestetik, ezin dugu esan zein diren zaharragoak, datazioak ez baitira zehatzak, baina baiezta dezakegu Altxerrikoak Aurignaciarrak direla”.

Margoen artean, bisontea eta felinoa nabarmendu ditu Garatek. “Bisontea izugarria da, lau metrokoa; horrelakorik ez dago Kantauri osoan, eta felino bat ere badago, eta hori ez da batere normala”. Itxuratik harago joanda, Garaterentzat irudien interesa esanguran dago: ”Gure ikerketen emaitzak bat datoz gure espezieaz azkenaldian indartzen ari den ikuspegiarekin. Izan ere, gero eta datu gehiago ditugu esateko gure espezieak hona etorri zenerako bazuela horrelako margoak egiteko gaitasuna, ez zuela pixkanaka eta mailaz maila garatu ahalmen hori”.

Garatek Altxerrin ikertzen jarraitu nahiko luke: “Orain ondo egongo litzateke sarreran dauden estalaktitak datatzea; izan ere, sarrera itxi zenean hasi ziren sortzen, eta horiek ematen badigute, esaterako, 20.000 urte, badakigu ziur margoak hori baino zaharragoak direla”.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila