Eskala eta zizailadura moldatuta, Darwinen hamahiru txonta-espezieen mokoen profilek bat egiten dute, guztiz. Edo beste modu batera esanda, badirudi aljebra lineala erabilita moldatu dituela eboluzioak Darwinen txonten mokoen formak. Beren elikadurara egokitutako mokoak dituzte txonta horiek: batzuk besteak baino luzeagoak dira, puntadunagoak, sendoagoak, eta abar. Baina, Harvard Unibertsitateko ikertzaile batzuek ikusi dutenez, proportzionaltasuna eta lerrokidetasuna gordeta hartu dute eboluzioan forma bat edo bestea.