Hidrogenoa energia-iturri oso garbia da, baina ekoizten oso garestia; orain arte behintzat!
Colorado eta Berkeley-ko ikertzaile-talde batek hidrogeno gasa modu natural eta garbian sortzeko bidea aurkitu du planetako leku askotan bizi diren algak erabiliz. Alga horiek alga fotosintetikoak dira, baina ingurune anaerobikoan, hau da, oxigenorik gabeko ingurunean bizitzera behartzen direnean, metabolismoa aldatu eta hidrogenoa ekoizten dute.
Laborategiko prozedura honakoa da: algak egoera normalean hazi eta nahikoa ugaldu direnean, oxigenoa eta argia kendu. Algek metabolismoa aldatuko dute eta hidrogenoa sortuko dute. Lau egunen buruan algak berriz egoera normalera ekarri behar dira eta zenbait eguneko atsedenaren ondoren, lanerako prest daude berriz ere. 850 ml Chlamydomonas reinhardtii algak 3 ml orduko hidrogeno ekoitz dezake. Egin behar den gauza bakarra hidrogeno hori biltzea da. Nahiz eta oraindik hidrogeno-kantitate txikiak ekoitzi diren, ikertzaileek ekoizpena hamar aldiz handiagoa izateko gai direla uste dute. Haien ustea zuzen badago, putzu txiki batean hazten diren algek 10 bat auto higiarazteko adina hidrogeno sor lezakete.