Garai batean munduko zazpi miraritako bat izandako Alexandriako faroa berritu egin nahi du Egiptoko gobernuak. K.a. 280. urte inguruan eraiki zen Knide-ko Soistrato arkitektoaren gidaritzapean. 440 oin altu zen (135 metro inguru) eta hiru zatiz osatua zegoen. Zati bakoitzak bere hormak barru aldera zerbait inklinaturik zituen.
Beheko zatia karratua zen, bigarrena (erdikoa) oktogonala eta goikoa zilindrikoa. Goiko zatiaren gainean Alexandro Haundiaren estatua ikaragarria zeukan. Barrutik arrapala helikoidala zuen faroaren gailurreraino.
Munduko faro guztien aitzindari izan zen monumentu hau, XI. mendearen hasieran zutik zegoen. Gero, inbaditzaile musulmanek hirugarren zatian meskita txiki bat ipini zuten. Badirudi faroa orduan hasi zela erortzen, zeren eta 1477. urtean Quait Bey sultanak bertako harriekin gotorleku bat eraiki bait zuen.
Ez dakigu orain Egiptoko gobernuak faroa lehen bezala utziko duen ala ez. Kontutan hartu behar da tontorrean pertsonaren irudia zegoela eta Koranak hori debekatu egiten duela.
Dena den, Alexandriako faroa berreraikitzea Alexandro Haundiaren hilobia aurkitzea baino errazagoa izango da. Hilobia Alexandrian dago (Kom al Chugafa-ko tumuluaren azpian seguru asko). IV. mendean egindako deskribapen baten arabera, Alexandro beira eta urrezko kutxa batean datza bere armaduraz jantzirik eta urrezko girteneko ezpata alboan duela.