Elhuyar Fundazioa
Fisikari italiar hau Lonbardiako erreinuan Como herrian jaio zen 1745.eko otsailaren 18an. Txikitan lau urte bete arte ez zuen hitz egiten ikasi eta horregatik bere familiakoak kezkaturik zeuden buruz atzeratua zelakoan. Zazpi urte zituenean ordea, bere lagunen maila lortua zuen eta handik aurrera gainera besteek baino azkarrago ikasten zituen gaiak.
1774. urtean Como-ko Goi-mailako Eskolan fisika-irakasle izendatu zuten. Garai hartan modan zegoen elektrizitatearen fenomenoaz kezkaturik zebilen, Priestley-ren teoria berriek sortutako interesaren ondorioz. Hurrengo urtean elektroforoa asmatu zuen (elektrizitate estatikoa sortzeko aparatua) eta gutun batean Priestleyri deskribatu zion.
Elektroforoa, ebonitaz estalitako disko batez eta elektrikoki isolatua zeukan heldulekuz hornitutako beste disko metaliko batez osatua zegoen. Ebonitazko diskoa igurtzi eta karga elektriko negatiboa hartzen du. Gainean disko metalikoa jartzen bazaio (biak hori zontal eta paralelo daudela), disko metalikoaren azpiko aurpegian karga elektriko positiboa eta gainekoan negatiboa azaltzen dira. Gaineko karga negatiboa lurrera eraman daiteke eta zikloa behin eta berriz errepikatuta, helduleku isolatuzko diskoan karga-kantitate handia eduki dezakegu. Elektroforoa, karga elektrikoa metatzeko aparatua da funtsean; gaur eguneko kondentsadoreen oinarri berbera duena. Leyden-eko botila bazter erazi egin zuen.
1778. urtean, urtegietako gasaren (metanoaren) konposizioa eta izaera aztertzen aritu zen. Horren ondorioz, gas nahasteen analisi bolumetrikoa egiteko erabiltzen den eudiometroa asmatu zuen.
1779. urtean, Paria-ko unibertsitatean fisika-katedra eman zioten. Han elektrizitate estatikoaren arloan beste aparatu batzuk ere asmatu zituen.
1791. urtean, Royal Society elkarteak Copley domina eman zion bere lanengatik, eta geroago bertako kide ere izendatu zuten.
Geroztik Galvanik egindako saiakuntzez arduratu zen. Bi pieza metalikok muskulua ukituta korronte elektrikoa agertzen bazen, jatorria muskuluan ala pieza metalikoan egon zitekeen. Hori frogatzeko 1794. urtean muskulurik gabe metalak bakarrik erabilita korronte elektrikoa lortu zuen. Beraz, korronte elektrikoak muskulu edo ehun biziekin ez zeukan zerikusirik. Aurkikuntza horren ondorioz Volta eta Galvanik eztabaidak izan zituzten. Bi talde egin ziren orduan, Humboldt alemana Galvaniren alde eta Coulomb frantsesa Voltaren alde izanik.
1800. urtean korronte elektrikoa sortzeko gai zen aparatua asmatu zuen. Gatz-disoluzioa zuten ontziak erabili zituen. Arku metalikoak punta bat ontzi batean eta bestea bestean zirela ipini zituen. Arkuaren mutur bat kobrezkoa zen eta bestea eztainuzkoa. Hura zen, hain zuzen, historiako lehen bateria.
Disoluziozko ontzien tamaina eta eragozpenak alde batera utzi zituen Voltak kobre eta zinkezko disko txikiak eta tartean ipinitako gatz-disoluziotan bustitako ikatzezko diskoak erabilita. Kobre, zink, ikatz, kobre, zink, ikatz, etab. ipini zituen diskoak elkarren gainean. Lehen diskoaren azpia eta azken diskoaren gaina alanbre batez konektatuta, korronte elektrikoa iragaten zen. Voltaren pila asmatua zegoen beraz. Diskoak lan bat egiteko batabestearen ondoan ipintzen zirenez gero, bateria elektriko ere deitu zitzaion.
Bateria elektrikoa asmatuta, Voltaren fama mundu guztira zabaldu zen. Napoleon enperadoreak ere deitu zion 1801.ean, Parisen bere asmakizun eta aparatuak erakuts ziezazkion. Enperadoreak Lonbardiako erreinuko konde eta senatore izendatu zuen. 1815. urtean berriz, Austriako enperadoreak Paduako unibertsitateko filosofi fakultateko zuzendari izendatu zuen.
Gaur egun ordea, Voltaren ohorerik handiena indar elektroeragilearen unitatea volt hitzaz izendatzen da. Gaur egun partikula-azeleratzailetan erabilitako energia elektronvolt izeneko unitateaz neurtzea da, Alessandro Volta fisikari italiarraren ohorez, zeina bere jaioterrian, Comon, 1827.eko martxoaren 5ean hil bait zen.