Aitagaiaren adinak axola du

Amagaiaren adinak fetuaren osasunean eragiten duelako, tentu handiz zaintzen dira emakume helduen haurdunaldiak. Orain, baina, lehen aldiz ikusi da aitagaiaren adinak ere zerikusirik izan dezakeela fetuaren anormaltasun genetikoetan.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko ikertzaileek frogatu dute aitagaia zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta aukera gehiago dagoela espermatozoideen kromosometan anormaltasunak gertatzeko. 24 eta 74 urte arteko 18 emaileren 200.000 espermatozoide aztertu eta gero, adinak ohiz kanpoko kromosoma-kopurua edukitzeko probabilitatea handitzen duela ondorioztatu dute.

Zahartutako hamarkada bakoitzeko, kromosoma guztiak bikoiztuta egoteko aukera % 17 handitzen dela kalkulatu dute. Bestalde, 21. kromosoma (Down sindromearen eragilea) bikoiztuta edukitzeko probabilitatea % 11,5 handitzen da hamarkadaro, eta asaldura hori bera sexu-kromosometan gertatzeko probabilitatea % 8,5.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila