A gripearen birusaren azpitalde edo mota guztiei eragiten dien antigorputz bat identifikatu du Suitzako Biomedikuntzako Ikerketetarako Institutuko talde batek, eta Science aldizkarian eman du egindako aurkikuntzaren berri. Antigorputzak berak txertorik egiteko balio ez badu ere, horretatik abiatuta gripearen kontrako txerto iraunkorrago bat garatzeko itxaropena agertu dute ikertzaileek.
Zenbait birus-motaren infekzioa izandako edo haien kontra immunizatutako zortzi banakoren immunitate-zelulak aztertu zituzten ikerketan; zehazki, antigorputzak sortzen dituzten globulu zuriak. Bada, horrelako ehun mila zelula baino gehiago aztertuta, A gripearen hamasei birus-azpimotei eragiten dien antigorputz bat aurkitu dute.
Ondoren, X izpien bidezko kristalografia erabilita ikusi dute antigorputz hori birusaren azaleko hemoglutinina proteinari lotzen zaiola. Beste antigorputz gehienak ez bezala, ordea, proteinaren oinari lotzen zaio, eta ez buruari. Eskualde hori errazago kaltetzen da mutaziorik gertatuz gero, eta, hortaz, egonkorragoa da. Horregatik, ikertzaileek uste dute horri erasoko liokeen txerto bat oraingoak baino denbora luzeagoan izango litzatekeela erabilgarri.