Mende-erdiaren buruan, 2048. urterako, zehatzago esanda, itsasoko jakirik gabe geratuko omen gara, gure itsasoak orain arte bezala tratatzen jarraituz gero. Hori dio Eskozia Berriko Dalhouse Unibertsitatean egindako ikerketa batek.
Kalkulu horiek egiteko, mundu osoko harrapaketen datuak erabili dituzte, 50 urtetakoak. Horien arabera, ondorioztatu dute azken 200 urteetan kostaldeko biodibertsitatea izugarri txikitu dela, uraren kalitatea txartu, eta alga kaltegarrien bloom-ak, kostaldeko uholdeak, eta arrainen gaixotasunak, aldiz, ugaritu. Datuen analisiak dio 1950. urtean ustiatzen ziren itsas baliabideen % 29 kolapsaturik zegoela jada 2003. urterako. Dena den, egungo kontserbazio-ahaleginek zenbait eskualdetan arrakasta izan dutela ere erakusten du ikerketak.
Beheranzko joera horri buelta emateko, ikertzaileen arabera, arrantzaren kudeaketa egokiaz eta kontserbazio-planez gain, giltzarri izan daitezke habitatak leheneratzea, poluzioa murriztea eta klima-aldaketa moteltzea.