2018ko zientzia-albiste aipagarrienak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Zientzia eta teknologia arloak albiste ugari eman ditu aurten ere. Hona hemen Elhuyar  aldizkarian, Norteko Ferrokarrilla irratsaioan eta Teknopolisen emandakoen artean nabarmendutakoak:
2018ko-zientzia-albiste-aipagarrienak
Arg. NASA

1. Genetikoki eraldatutako haurren afera

Jiankui He zientzialari txinatarrak genetikoki editatutako bi haur aurkeztu ditu komunikabideetan. CRISPR teknikaren bidez, hiesarekiko erresistente egiteko eraldatu zituela azaldu du. Esperimentua egiazkoa dela baieztatu ez bada ere, eztabaida sutsua piztu zientzia-komunitatean. Etikaren muga gorriak zeharkatu dituelakoan.

2. Duela 14.000 urteko ogi-hondarrak aurkitu dituzte Jordanian 

Duela 14.000 urte, gaur egun Jordania den eremuan, talo-itxurako ogia egiten zutela aurkitu dute Amaia Arranz Otaeguik eta kideek. Hala, ogia nekazaritzarekin batera sortu zela uste zen arren, aurkikuntza honek erakusten duenez, lehenagokoa da ogia.

*Entzun eta irakurri elkarrizketa

3. Pauso berriak GIBaren ikerketan

Jon Badiola mediku lekeitiarra hiesaren sendabidea ikertzen ari da Granadan. Hiesaren aurkako tratamenduak ikertzen dituen Europako talde baten partaidea da. Ikerketaren gakoa hezur-muin transplanteak eta haien mekanismoak ulertzean dago.

*Ikusi Jon Badiola Gonzálezekin egindako erreportajea

4. Ama neandertala eta aita denisovarra zituen neska bat identifikatu dute

 2012an Denisova haitzuloan (Altai mendiak, Errusia) topatutako fosil baten azterketa genetikoak erakutsi du banako hark bi hominido talde desberdinetako gurasoak zituela: ama neandertala zuen, eta aita, berriz, denisovarra.

5. Eskuragarri dago MODELA itzultzaile automatiko adimenduna

Aurkeztu berri da orain arteko euskarazko itzultzaile automatikorik onena: MODELA. Azken belaunaldiko teknologia adimenduna du oinarri, eta tresna azkarra eta erabilerraza da. Elhuyarren eta Zientziako, Teknologiako eta Berrikuntzako euskal sareko beste zenbait agenteren arteko elkarlanari esker garatu da.

*Entzun Elhuyarreko Itziar Cortes Etxabe informatikariari egindako elkarrizketa.

*Ikusi zertan oinarritzen den MODELA.

6. Hiru bilioi tona izotz urtu dira Antartikan, 25 urtean

Antartikako izotz-geruzak hiru bilioi tona izotz galdu ditu, hogeita bost urtean, eta horrek itsas maila ia zortzi milimetro igotzea eragin du. Eta zortzi milimetro horietatik hiru azken bost urteetan igo dira.

7. Duela 42 milioi urteko sirenio-espezie bat aurkitu dute Pirinioetan

Pirinioetan sirenioak bizi ziren duela 42 milioi urte, itsasertzeko eremua zen garaian. Huescako Sobrarbe geoparkean, 300 sirenio-hezur aurkitu dituzte, eta orain frogatu dute orain arte ezagutu gabeko sirenio-espezie bati dagozkiola.

*Entzun eta irakurri Pirinioetako fosilei buruzko informazio gehiago.

 8. 45 garun eta bihotz baten arrastoa

Gerra Zibilean La Pedrajan (Burgos)  desagerrarazitakoen gorpuak lurpetik ateratzean, garezurretako batzuen barruan, arrasto berezi batzuk topatu zituzten: saponifikatutako garunak ziren. Haiekin batera, modu berean kontserbatutako bihotz bat ere aurkitu zuten, mundu osoan aurkitutako bakarra.

*Ikusi erreportajea

9. Auto autonomorako bidean

Urte gutxian, urruneko irudikapen bat izatetik gero eta hurbilago ikusten den benetako aukera bat izatera pasatu dira auto autonomoak. Prototipo batzuk dagoeneko errepidean dabiltza, gidaririk gabe. Oraindik gauza asko daude konpontzeko, galderak erantzuteko, baina auto autonomoak bidean dira.

*Ikusi erreportajea

10. Arrasatetik Espaziora  

Duela 10 urte hasi ziren Nazioarteko Espazio Estazioan zientzia-esperimentuak egiten eta dagoeneko 600dik gora burutu dituzte. Mondragon Unibertsitateak ere badu txoko bat han goian. 2009tik,  Fluidoen Mekanika Taldeak fluido-nahasteen portaera ikertzen aritu da hainbat proiektutan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila