Lennart Carlesson matematikari suediarrak jasoko du aurtengo Abel saria, Fourier-en serieak eta analisi harmonikoa ikertzeagatik.
Jean Baptiste Fourierrek aztertu zuen analisi harmonikoa lehen aldiz. Matematikaren adar horren arabera, naturan, periodikotasunak sortutako fenomenoak --esate baterako, korronte elektrikoak edo soinu-uhinak-- sinuen eta kosinuen baturen bidez deskriba daitezke --batura horiei Fourierren serie deritze--. 1960ko hamarkadan arlo horretan egindako ikerketengatik emango diote saria Carlessoni.
Aurretik ikertu gabeko eremuak aztertzen ditu Carlessonek, eta, behin bidea zabaldu ondoren, beste ikertzaileei uzten die sakontzeko aukera. Carlessonek, berriz, berak ikertu gabeko beste arlo bati ekiten dio.