Gaur egun CIMA izenaz ezagutzen ditugun Arkauteko eraikuntzak eta laborategiak ia mende eta erdiko historia dute. Urte hauetan guztietan hainbat gora-behera izan da, noski, eta etapa desberdinetatik igaro dira. Hiru erakunde publiko desberdinen esku egon da urte hauetan: Arabako lurraldea (1853-1939), Estatu espainola (1940-1980) eta Eusko Jaurlaritza (1980tik gaur egun arte).
XIX. mendearen erdialdera —estatuko trenbide-sarea eraikitzen ari zen une horretan— Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeek nekazaritza bultzatzea eta baldintzarik onenetan Espainiako merkatuan sartzea erabaki zuten. Ordurako Europan baziren era honetako zentroak eta horietan nekazaritzako esperimentazioa, formazioa eta dibulgazioa lantzen ziren. Testuinguru horretan sortu ziren garai horretako Nekazaritza Etxeak: Erandion (1852), Arkauten (1853) eta Tolosan (1855). Gaur egun, Arkautekoa soilik dirau bizirik.
Arabako Batzar Nagusiek Arkauteko Nekazaritza Etxea sortzea erabaki zutenean Arabako Foru Aldundiak 72 hektarea erosi zituen. Lursail horretan irakaskuntza eta ikerketa ezezik, ustiapen produktiboa ere bideratu zen.
Hasieran Arabako nekazaritza eta abeltzaintza eraldatzen eta eraberritzen saiatu ziren Arkautetik. Besteak beste, bertako baldintzetara egokitzen ziren labore-barietate berriak bultzatu ziren, behi- eta txerri-arraza berriak inportatu eta lanabes eta makineria berriak ezagutzera eman ziren. Berrikuntza hauek guztiak formazioaren bidez zabaltzen zirenez, zentroari Nekazaritza Eskola ere esaten zitzaion. Ikasleek, nekazaritza eta abeltzaintzaz gain, aritmetika, gramatika eta kristau-morala ikasten zituzten.
1870-1888 bitartean zentroaren autofinantziazioa bultzatu zen eta, ondorioz, diru- eta giza baliabideak asko murriztu ziren. Hori gutxi ez eta, Bigarren Karlistadak utziriko zauriak ere atzeman ziren Nekazaritza Etxearen funtzionamenduan. Beraz, krisian murgilduta, ikerketa eta irakaskuntza alde batera utzi eta ustiapen produktibistari ekin zitzaion bete-betean.
1888. urtean gauzak erabat aldatu ziren Arabako agintari eta jauntxoek berriro nekazaritza eta abeltzaintzari lehentasuna eman eta ikerketa eta irakaskuntza bultzatzeko une egokia zela pentsatu zutenean. Izugarrizko aldaketak gertatu ziren Arkauten 1888. urtean. Eraikuntzak zaharberritu ziren, abereak erosi, inguruko lursailak luberritu, tresneria asko eskuratu, eta abar.
XIX. mendearen amaiera eta XX. hasiera oso onak izan baziren ere, berriro diru-kontuak medio eta zentroaren errentagarritasuna eta autofinantziazioa erdiesteko nahiak Nekazaritza Etxea ixtera bultzatu zuten. 1925etik 1936ra erakunde pribatu eta partikularrek ustiatu zituzten lursailak. Gerra zibilak iraun zuen bitartean (1936-1939), Alemaniako soldaduen ostatu izan ziren Arkauteko eraikuntzak.
Gerra bukatu ondoren, Araban ez zegoen Arkauteko Nekazaritza Etxeari eusteko dirurik. 1940. urtean Estatuaren esku gelditu zen, beti ere, Arabako nekazaritza-sektorearen garapena bultzatzeko baldintza ezarriz.
Garai horretan izen berria eman zitzaion eta Patataren Hobekuntzarako Estazioa izatera igaro zen. Eraberritze-lanak ere egin ziren, batez ere, Patataren ikerketa eta laborantzak eskatzen zituzten eskakizunetara egokitzeko, estatu osoan patata ikertzen zen toki bakarra baitzen. Urte horietan ikastaroak eta saio praktikoak antolatzen baziren ere, formazioa pixkanaka alde batera uzten hasi zen, ikerketan murgilduz buru-belarri.
Gizarteak eskatzen zituen nekazaritzako ikasketak eskaintzearren, Arkauteko Nekazaritza Eskola sortu zen 1970. urtean eta ordutik hona, Arkauteko Nekazaritza Etxea eta Nekazaritza Eskola, bereiztuta antolatu dira eta bakoitzak eginkizun desberdinak dituzte.
1975. urtean Derion abeltzantza-laborategia sortu zen; garai horretan zerbitzuak eskaintzen ziren eta ikerketa gutxi egiten zen.
Gernikako Estatutuaren ondorioz, Nekazaritza Eskola eta Nekazaritza Etxea (CIMA) eta Derioko laborategia (SIMA) Eusko Jaurlaritzari transferitu zitzaizkion. Orduan gertatu zen benetako berpiztea eta anitz ikerketa-lerro zabaldu zen.