Marta Macho matematikaria da, foliazioen teoria geometrikoan eta geometria ez-konmutatiboan espezializatua. Ikerketa-lanetatik harago, EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren “Mujeres con Ciencia” espazio digitaleko editore ere bada. Emakume zientzialariak ikusgai bihurtzeko egin duen lan eskerga aitortzeko hainbat sari jaso ditu, tartean Berdintasunerako Emakunde Saria, apirilean bertan. Martarekin argitu nahi izan dugu nola egiten duten emakumeek zientzia, eta zientzia-sistemak, egun dagoen bezala, baldintzatzen ote duen emakumeen parte-hartzea.
Hasteko, bi galdera batean: zeri egin behar izan diozu uko zientzian emakume izateagatik? Eta zeri egin diozu uko emakume gisa zientzialari izateagatik?
Bueno, zientzian batez ere talde-buru izateari egin diot uko, seguruenik. Nik askotan zuzendu ditut tesiak beste zientzialari batzuekin elkarlanean, baina beti egon da uneren bat non, beste zuzendaria eta ni ez baginen ados jartzen, nik eman dudan amore, gatazkarik egon ez dadin. Eta, halakoetan, gizonezkoak izan ditut beti parean. Hortaz, nire ikasleen estiloan eragin handiagoa izan du zuzendari gizonezkoak emakumezkoak baino.
Eta emakume gisa… zaila da erantzuten, zeren nik ez dut bikoterik, baina ez dut uste zientzialari izateagatik izango denik. Agian, bizitza azkarregia izan dut une batzuetan, hori bai. Zientzian lan egiten duzunean, badira garai oso intentso eta berezi batzuk, gorputza eta arima ematea eskatzen dutenak.
Zer galtzen du zientziak emakumeak gizonezkoen maila berean ez integratzeagatik?
Ikuspegi desberdin bat galtzen du. Nire ustez, emakumeok sormen handia dugu, baina baita segurtasun-gabezia handia ere. Eta horizontalean lan egiten dugunean, edo bertikalean –gizonezkoak gainetik ditugula, noski–, oso zaila zaigu gure ikuspegia ezartzea. Ondorioz, ikuspegi hori galdu egiten da. Emakume lider gutxi dago zientzian, eta haietako asko gizonezko liderren fotokopia besterik ez dira, seguruenik haraino iristeko gizonezkoen egiteko moduaz ederki busti behar izan dutelako.
Aurrekoan, fisika teorikoan tesia egiten ari den neska gazte batek aipatzen zuen gizonezkoen artean lan egiten duenean, taldean, sarri lankideek ez dutela entzun ere egiten. Ahots oso goxoa du, eta ez da lankide gizonezkoek isilarazi nahi dutenik, baina eztabaida berotzen hasten den heinean, ez dute entzun ere egiten. Jendeak barre egingo du horrekin, “hori tontokeria!” pentsatuko du, baina, ez diotenez entzuten, neskak isiltzea erabaki dezake. Eta isiltzea erabakitzen badu, litekeena da zuzendariak esatea: “honek ez duenez hitz egiten, ez du hitz egiteko trebetasunik; hortaz, joan dadila mutila kongresura, grinaz hitz egiten du eta”. Zientzia oso hierarkizatua dago, eta, askotan, beren burua gehien nabarmentzen dutenak joaten dira kongresuetara.
Eta zer galtzen dute emakumeek zientzian gizonen mailan parte ez hartzeagatik?
Bada, lanbide liluragarri bat ari dira galtzen. Zientzian lan egiten hastea gogorra da. Zientziak hainbeste aurreratu duen garai hauetan, behartuta zaude ekarpen berriak egitera, baina, zerbait berria aurkitzen duzunean, izugarri asetzen zaitu zientziak.
Gizarteari ekarpenak egiteko aukera ere galtzen ari dira, ezin baitugu ahaztu zientziaren ekarpenei esker dugula osasun hobea, urte gehiagoz bizi garela, bizi-kalitate hobea dugula… Eta “nik aurrerapenari ekarpena egin diot” esaten duzunean sentitzen den barne-poztasuna, galtzen ari dira. Ez da zilegi beti bigarren mailako pertsonaia izatea.
Zaila da emakumeentzat zientziara iristea, baina, behin iritsitakoan, nabari al da emakumeen ukitua? Ausartzen al gara beste modu batean egiten zientzia?
Ez dakit, oso zaila da haizearen kontra joatea. Talde batean zaudenean, berrikuntzak egin nahi badituzu, agian norbaitek zaplada bat emango dizu bizkarrean, eta esango dizu: “begira, neska, utzi tontakeriak eta has zaitez lanean!”.
Nik uste aldea gehiago nabari dela lan egiteko moduan zientzia egiteko moduan baino. Azken finean, zientzia maskulinotik edan dugu denok. Nik ez dut matematika egiteko modu desberdin bat, lankide gizonezkoekin alderatuta. Baina nabari da lan egiteko moduan. Ni, esaterako, matematikaren alor oso maskulinizatu batean nabil, geometria eta topologian. Frantzian egin nuen tesia, eta han, formak bortitzak ere badira. Jendeak bere burua erakutsi behar du, nabarmendu; eta horretarako ahotsa altxatu behar duzu, edo bestea lotsarazteko galdera bat egin… Askotan, horiek dira erabiltzen diren formak; oso oldarkorrak.
Emakumezkoen lan-giroak lasaiagoak dira, eta joera handiagoa dute elkarlanean aritzeko. Proiektua aurrera atera dadin nahi duzu, meritu guztia zuretzat gorde beharrik gabe. Gainera, gauzak ez dira hain azkar egin nahi izaten. Oraingo sisteman, lanpostu bat lortzeko hainbeste arazo egonik, gauzak azkarregi egiten dira zientzian. Argitaratu egin behar duzu: argitaratu ala hil. Eta horrek esan nahi du batzuetan hain azkar egin behar duzula, ezen ez baitu denborarik ematen gauzek beren bidea egin dezaten. Nik uste zientzia motelago bat, zentzu horretan, femeninoagoa izango litzatekeela. Eta hanka-sartze gutxiagoko zientzia izango litzateke, abiadura hori dela eta.
Eta elkartzen al zarete emakume zientzialariak, modu antolatu edo informalean, elkarrekin hausnartzeko?
Oso zaila da. Talde txikitan hitz egiten dut halako gaiez. Emakume batzuek ez dute gai horretaz hitz egin nahi, larritasuna eragiten baitie. Esaten dute haiek inoiz ez dutela diskriminaziorik jasan. Beren burua babesteko modu bat da, gizonezkoen errefusa ekiditeko. Ez dute ikusi nahi, besterik ez. Horregatik, zaila da beste emakumeekin gai honetaz hitz egitea.
Zure esku egongo balitz, zer aldatuko zenuke zientzian?
Zientzialariek askotan harrokeriaz jokatzen dute. Nik uste gizarteak asko miretsi izan dituela, eta haur mimatuen modura jokatzen dutela. “Zientzialariak… pertsona hotz horiek, hain gauza zailak egiten dituztenak. Hain dira adimentsuak, hain jenioak…” Zientzialarien estereotipo horrek asko eragiten du. Laneko harremanak oso zailak dira hemen, bere burua apartekotzat duen jende asko baitago.
Saiatuko nintzateke hierarkia aldatzen, horizontalagoa izateko. Atzetik datozenei lekua utzi, haien ideiak entzun… Inork ezer proposatzen badizu, esan beharrean “hori tontokeri bat da”, entzun ezazu. “Ea, azaldu iezadazu, konbentzitu nazazu”. Izan gaitezen irekiagoak. Goza dezagun egiten dugunaz, pribilegiatuak baikara, eta utz diezaiegun tokia atzetik datozenei.
Garrantzitsua da bestelako profila duen jendea sartzea ere. Ez izatea beti profil bera buruan. Eta inoiz, zure taldean sartzeko hautagaiak dituzunean, aplika ezazu diskriminazio positiboa, jendea hainbeste aztoratzen duen hori: baldintza beretan, lagundu gutxiengoan dagoenari; kasu honetan, emakumeak. Egoera berean ez gauden artean, lagundu okerren dagoenari. Neskak, agian, ez du hain nabarmen uzten bere burua, eta mutila iruditzen zaizu interesgarriagoa. Baina, agian, ez da hala…
Nola erabaki zenuen egoerarekin kritiko izatetik aktiboki jardutera pasatzea? Zein izan zen une gakoa?
Urrats horretan lagunduko zaituen norbait ondoan izatea da gakoa. Ni asko baldintzatu nau Nikaraguara bidaiatzeak, matematikako irakasle gisa kooperatzeko. Han konturatu nintzen emakumeak oso zokoratuak zeudela, nahiz eta matematikako irakasleak izan haiek ere. Han masaileko ederra hartu nuen. Hura izan zen puntua: emakume oso baztertuak ikustea, eta, gero, hemen dugunaz hausnartzea.
Gogoan dut kongresu batean nire lana aurkeztera joan nintzen aurreneko aldia; tesia egiten ari nintzen, eta 25 urte nituen. Beldurrez zoaz, aditu askoren aurrean aurkeztu behar duzulako. Baina konturatzen zara paternalismoaz tratatzen zaituztela, mutilak ez bezala, eta hori ere ez duzu gustuko. Gogoan dut batek galdera bat egin behar zidala eta, azkenean, begiratu zidala eta “bo, ez!” esan zidala, esanez bezala “ez diot galdetuko”. Une horretan, izugarrizko amorrua sentitu nuen, pentsatu bainuen: “zer uste du, ez dudala erantzuten jakingo, ala? Arraioa! Utz iezadazu hanka sartzen, eta gero joango naiz komunera negar egitera, behar badut”. Errealitate-bainu bat hartu nuen orduan.
Gerora, ikusi nuenean banuela beste emakume bat egoera salatzeko bidean lagunduko ninduena, horretan hasi nintzen. Une hori izan zen Espainiako Matematikako Errege Elkartearen Emakumeak eta Matematika Batzordean sartu nintzenean. Zure interes berak dituzten pertsonak topatzen dituzunean, sareak ehuntzea da kontua.
Nola ikusten duzu etorkizuna, hemendik 25 urtera?
Berdintasunaren gaian atzerapauso handia egon da, eta nik uste ilusio faltsu baten ondorio dela: “Emakumeak jada bazabiltzate zientzian; orain, denbora-kontua da”, esan izan da. Baina jada hasi gara esaten ez dela denbora-kontua. Ni baikorra naiz. Kongresuetan eta batzorde zientifikoetan jada ez dugu onartzen emakumerik ez egotea; nahiz eta politikoki zuzena izateko baino ez izan. Toki horietan behin eta berriz egoteak eta hitza hartzeak lagunduko du hurrengo belaunaldiko emakumeak modu naturalagoan egon daitezen.
Espero dut 25 urte barru emakume gehiago izango direla lider, eta neskato gehiago egongo direla zientzia egiteko gogoz, gizarteak aurrera egiteko garrantzitsuak diren gauza horiek aurkitzeko irrikan. Ez dezatela hori galdu!
Elhuyarrek garatutako teknologia