Posible al da bikaintasuna zientzian berdintasunik gabe?

Arri Gartzia, Naiara

Elhuyar Ahokularitza

Izenburuko galderari erantzun nahian, mahai-ingurua antolatu zuten Elhuyar Zientziak eta Elhuyar Aholkularitzak azaroaren 13an. Berdintasun Gunearen (Emakunde) eta Zientzia Astearen (Innobasque) markoa aprobetxatuta, ikerketa-arloan diharduten lau emakume gonbidatu zituzten zientziaz eta berdintasunaz eztabaidatzera: Osasun Saileko Elena Aldasoro Unamuno, Ikerbasqueko Ainhoa Madariaga Martinez, Mondragon Unibertsitateko Ainhoa Larrañaga Elorza eta Euskal Herriko Unibertsitateko Teresa Nuño Angós.  Haien ikuspegi eta ibilbideak uztartuz, Euskal Herrian zientzia-sisteman dagoen errealitatera hurbiltzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek zein entzuleek.
posible-al-da-bikaintasuna-zientzian-berdintasunik
Osasun Saileko Elena Aldasoro Unamuno, Ikerbasqueko Ainhoa Madariaga Martinez, Mondragon Unibertsitateko Ainhoa Larrañaga Elorza eta Euskal Herriko Unibertsitateko Teresa Nuño Angós Arg. Eider carton / Elhuyar Zientzia

Berdintasunaz eta zientziaz hitz egitean, hainbat gauzaz ari gara: emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikustarazteaz, zientzian genero-dimentsioa txertatzeaz, zientzia-bokazioetan dagoen banaketaz, emakumeek zientziaren eta ikerketaren eremuan duten rolaz eta tokiaz, emakumeek ikertzeko lortzeko dituzten baliabideez... Elementu asko dira, eta, denetan, datuek berdintasun-eza adierazten dute.  

Gizartearen erdia ezagutza-sorkuntzan behar bezala ordezkatuta ez badago, bikaintasunaz hitz egiterik badago? Horri erantzuten saiatu ziren parte-hartzaileak.

Osasun Saileko Menpekotasun arloko zuzendari eta ikertzailea da Elena Aldasoro. Bihotzekoak ikertu ditu Aldasorok, eta frogatu zuen ezen, emakumezkoek gizonezkoek baino arrisku txikiagoa izanik bihotzekoa izateko, bihotzekoaren ondorioz hiltzeko arrisku handiagoa dutela. Ikerketaren ondorioz, lortu du ikerketetan kontuan hartzea sexua eta adina. Genero-ikuspegia ikerketen etapa guztietan kontuan hartzea ezinbestekoa dela baieztatu zuen. Are gehiago; haren esanean, genero-dimentsioan kontuan ez hartzeagatik, “emakumeei aplikatutako medikuntza ez dago gizonezkoetan adina oinarrituta ebidentzia zientifikoan”.

Ondoren, Ainhoa Madariagak, Ikerbasqueko egoeraren berri eman zuen. Bikaintasunean oinarritutako erakundea da Ikerbasque, eta gaur egun goi-mailako 177 ikertzaile dituzte; haietatik %19 baino ez dira emakumeak. Ikertzaile gazteentzat duten programan ere gauza bera gertatzen da, emakume gutxiago aurkezten dira Fellow izatera. Egoerak kezka sortzen die, eta hasiak dira neurriak hartzen. Curriculumen ebaluazio-irizpideetan genero-ikuspegia txertatzen ari dira adibidez. Egoera “larria” dela aitortu zuen Madariagak, arazoa estrukturala dela. Hala, zailtasun handiak dituzte bikaintasunaren definizioa genero-ikuspegiarekin uztartzeko saiakeran. Etsipen-puntu batekin bukatu zuen bere tartea.

Eta etsipenetik abiatu zen Ainhoa Larrañaga, HUHEZI fakultateko irakasle eta ikertzailea. Bere esperientzia pertsonala azaldu zuen. Ikertzaile eta ama izatea “zama” modura bizi izan zuela adierazi zuen. Gauzak aldatzeko eta ekintza positiboak martxan jartzeko saiakerak egin izan dituenetan, basamortu batekin topo egin duela ere esan zuen. Kooperatiba izanik, gainera, kontraesan ugari ikusi dituela aipatu zuen. Mondragon Unibertsitatearen kasuan adibidez, ikastegi bakarrak du berdintasun-plan bat martxan, Enpresagintza fakultateak.

Teresa Nuñok hitz egin zuen jarraian. EHUko Berdintasunerako zuzendaria da, eta, Zientzien didaktikan, generoa eta zientzia dira haren interesgunea eta langunea. 2007-2011an egindako EHUko I. Berdintasun Planaren barruan, emakumeek eta gizonek ikerketa-arloan duten parte-hartzearen diagnostikoarenberri eman zuen. Nuñoren arabera, EHUren egoera, nahiz eta orokorrean emakumeen eta gizonen arteko parte-hartzea oso desorekatua ez izan (10 puntu ingurukoa), zenbait arlotan bat dator besteek erakutsitakoarekin: emakume eta gizonen arteko bereizketa horizontala gertatzen da (ikerketa-arloen araberakoa), baita bereizketa bertikala ere (ardura-postuen araberakoa). Bateragarritasun-neurriei dagokienez, Nuñok zalantza adierazi zuen neurri-mota horiekiko. Esaterako, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriak emakumeek bakarrik eskatu ohi dituzte, eta genero-rol tradizionalak errepikatzeko tresna bihurtu daitezkeela esan zuen. Zentzu horretan, bateragarritasunak lehendabizi erantzukidetasuna izan behar duela aldarrikatu zuen.

Erpin askoko eztabaida

Eztabaidarako lehenengo gaia Aldasorok atera zuen. Ardura-postuetan eredu maskulinoekin apurtu beharra dagoela adierazi zuen. Larrañagak ildo beretik aipatu zuen ezen, HUHEZIn emakumezkoak ardura postuetan egonik ere, egoera ez dela hobetu. Hizlariek ondorioztatu zuten aldaketak estrukturalak izan behar dutela, eta ardura-postuera iristeko lehiak oso ondorio gaiztoak dituela berdintasunarentzat.

Entzuleek ere euren ikuspegia azaltzeko tartea izan zuten. Emakumezko ikerlari gazteak izaki, saioan azaldutakoak berek bizi dutenarekin bat egiten duela esan zuten. Horrekin batera, argi utzi zuten gauzak aldatzeko nahia. Haien esanean, bikaintasuna birdefinitu behar da; eta ez bakarrik berdintasunari lotuta, orokorragoa da gabezia.

Bi hipotesi behintzat baieztatuta atera ginen mahai-ingurutik: batetik, berdintasunik gabe bikaintasuna ez dela posible zientzian, eta, bestetik, zientzia berdintasunetik urrun dagoela. Nuñok azpimarratu zuen emakumeek zientzian arrakasta izateko modu bakarra  arrakastaren definizioa aldatzea dela. Larrañagak ohartarazi zuen, politika aktiborik gabe, nekez aldatuko dela egun dagoen desoreka. Nuñok gogorarazi zuen baditugula erabili beharreko tresnak, berdintasunean sakontzeko aukerak eskaintzen baitituzte: Espainiako Zientziaren Legea zein EAEko Esukal Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa.

Arazoa ez da Euskal Herrira mugatzen, fenomeno global batez ari gara. Erakundeetan dauden desberdintasunen berri zabal ematen digu SHE FIGURES txostenak. Ikerketaren eremuan berriz, egoera aldatzeko pausoak ematen hasi dira, eta horren erakusle da Standfordeko  Unibertsitateko Londa Schiebinger zientzia-historialariak gidatutako “genero-berrikuntzak” (gendered innovations) mugimendua. Hainbat herrialdetako natura-zientzietako, ingeniaritzako eta generoko adituek elkarlanean garatutako proiektua da. Proiektu horren xede nagusia da “sexu- eta genero-analisiak aurkikuntza berriak egiteko duen botere sortzailea zabaltzea“. Agian, bide horretatik aurrera joanda, etorkizunean ez dugu galdetu beharrik izango "Posible al da bikaintasuna zientzian, berdintasunik gabe?".

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila