Walabiaren esneak karenaren funtzioa duela frogatu dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

walabiaren-esneak-karenaren-funtzioa-duela-duela-f
Walabi ama eta kumea, Tasmaniako baso batean. Arg. PanBK/CC-BY-SA 3.0

Taxonomistek bereizita sailkatu ohi dituzte ugaztun karendunak (edo plazentarioak) eta martsupialioak. Izan ere, kanguruen, walabien eta beste martsupialioen fetua ez da garatzen amaren umetokiaren barruan. Orain, ordea, ikusi dute bereizketa hori agian zorrotzegia dela.

Hain zuzen, Standford Unibertsitatean egindako ikerketa batean, Macropus eugenii espeziaren ernaldia aztertu dute. Amaren sabelaldia oso laburra da, neurri horretako animalia batentzat: hilabete eskas. Gero, urtebete inguru ematen du amaren poltsaren barruan, garatzen eta hazten.

Ikertzaileek lehenik walabiaren karenaren geneen espresioa ikertu zuten, eta beste bi espezierenarekin alderatu zuten; saguarenarekin eta emakumearenarekin. Eta ikusi zuten walabiaren sabelaldiaren amaierako gene-espresioa oso antzekoa zela beste bi espezie horiek sabelaldiaren hasieran izaten dutenarekin.

Segidan, walabiaren ugatzetan espresatzen ziren geneak ikertu zituzten, eta frogatu zuten guruin horietan espresatzen direnak eta beste ugaztunetan sabelaldiaren amaieran karenean espresatzen direnak berberak direla.

Hortik ondorioztatu dute walabiek ere badutela karen osoa, beste ugaztunek bezala. Alde bakarra da eboluzioan itxura desberdina hartu dutela egitura horiek, baina gene-espresio eta funtzio berbera dute batzuen eta besteen organoek.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.