Merkataritza eta prostituzioa: hiesa hedatzeko gakoak XX. mendearen hasieran

1920an, Kinshasatik abiatu, eta ibaiarekin eta trenarekin batera bidaiatu zuen

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

XX. mendearen hasieran, hiesa sortzen duen birusaren hainbat aldaera igaro ziren txinpantzeetatik gizakietara. Aldaera haietako bat besteak baino azkarrago hedatu zen, eta aldaera arruntena bihurtu zen. Hori nola eta zergatik gertatu zen eztabaidagai izan da azken urteotan. Orain, Science aldizkarian argitaratutako ikerketa batek erakutsi du merkataritzak eta prostituzioak funtsezko eragina izan zutela aldaera jakin hura gailentzean eta hiesa hedatzean.
merkataritza-eta-prostituzioa-gako-hiesaren-hedape
Mbanza-Ngunguko gizonezko bat (Kongo). Inguru hartatik hedatu zen hiesaren birusaren aldaera arrunta mundu osora. Arg. © Carl Gierstorfer/Science

Oxfordeko (Britainia Handia) eta Leuveneko (Belgika) Unibertsitateetako ikertzaileek gidatu dute hiesaren hastapenari buruzko azterketa. Ikertzaileek gogorarazi dutenez, hiesaren birusa Estatu Batuetan isolatu zen lehen aldiz, 1981ean. Urte batzuk geroago jakin zuten birus hura (bai GIB-1 bai GIB-2 aldaerak) aspalditik zegoela zabalduta erdialdeko eta ekialdeko Afrikako populazio heterosexualaren artean.

Horrez gain, GIBaren antza handia zuen birus bat detektatu zuten txinpantzeetan, SIV, eta frogatu zuten GIB-1aren aldaera batekin ahaidetuta zegoela, M taldeko GIB-1rekin. Hori da aldaera arruntena, mundu osoan hedatu dena. Beste aldaera batzuk ere isolatu zituzten, adibidez, O , N eta P; haiek, ordea, Kamerunera eta inguruko herrialdeetara mugatzen ziren.

M aldaera zergatik gailendu den jakiteko, Afrikako aldaeren azterketa filogenetikoa egin dute, eta frogatu dute Kongoko arrotik hedatu zela M taldeko GIB-1, hasieran ingurura, eta denborarekin mundu osora. Ikertzaileen esanean, hedapen horretan funtsezko eragileak izan ziren merkataritza eta prostituzioa.

Hain zuzen, 1920tik, Kinshasatik abiatu, eta ibaiarekin eta trenarekin batera bidaiatu zuen M aldaerak. Izan ere, kolono alemaniarrek bi bide horiek erabiltzen zituzten bolia eta kautxua garraiatzeko. Artikuluan zehazten dutenez, 1948an milioi bat bidaiarik baino gehiagok erabili zuten trena Kinshasatik Kongoko beste hiri nagusietara joateko.

Horrekin batera, hirietan prostituzio handia zegoen. Ikertzaileen arabera, garai hartan prostitutei injekzioak jartzen zizkieten, ohiko gaixotasunak tratatzeko, baina xiringak ez zirenez esterilizatzen, bide aproposa bihurtu ziren birusak transmititzeko, tartean, baita GIB-1aren M taldeko aldaera. Horrenbestez, ikertzaileek ondorioztatu dute eragile politikoen, ekonomikoen eta sozialen nahasteak eragin Kongoko arroan sortutako aldaera hura izatea gaur egun hedatuta dagoena mundu osoan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila