Lurraren hasierako lurrazalaren arrastoak aurkitu dituzte Kanadan

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

lurraren-hasierako-lurrazalaren-arrastoak-aurkitu-
Hudson badiaren ekialdean, Quebeceko iparraldean, dagoen 2.700 milioi urteko lurrazala 4.200 milioi urte baino zaharragoak ziren arroketatik abiatuta sortu zen. Arg. Alexandre Jean

Lau mila eta berrehun milioi urtetik gorako lurrazalaren osagaiak aurkitu dituzte Kanadan. Ikerketaren emaitzek iradokitzen dutenaren arabera, Lurraren lehen ehunka milioika urtetan sortutako lurrazalaren arrastoak lirateke.

Lurraren jarduera geologikoaren ondorioz, sortzen den lurrazal ia guztia mantura bueltatzen da berriz. Baina badira salbuespenak, eta ezagutzen dira 4.000 milioi urteko lurrazal-zati gutxi batzuk. Bestalde, mantutik pasa arren desegin gabe iraun eta arroka berrietan agertzen diren zirkoi-kristalak are zaharragoak izan daitezke.

Oraingoan, Aintzira Handien iparraldeko eremu bat aztertu dute ikertzaileek. Gehienbat 2.700 milioi urteko granitoz osatua dago eremu hori, baina, granito horren osaeragatik, ondorioztatu dute beste arroka zaharrago batzuetatik abiatuta sortu behar izan zutela arroka horiek. Prozesu horrek beharko zukeen denbora kontuan hartuta, eta laginetako samario- eta neodimio-isotopoak neurtuta, kalkulatu dute 4.200 milioi urtetik gorako lurrazala dagoela 2.700 milioikoarekin nahastuta. Science aldizkarian argitaratu dute lana.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila