Basoilar piriniarren osasun-azterketa eginda, ikusi dute % 60 odol-parasitoekin kutsatuta daudela. Litekeena da klima-aldaketak erraztu izana parasito horien hedapena.
Europan basoilarra nahiko hedatua dagoen arren, Iberiar Penintsulako bi espezieek, kantauriarrak (Tetrao urogallus cantabricus) eta piriniarrak (Tetrao urogallus aquitanicus), beherakada kezkagarria izan du azken urteetan, eta biak desagertzeko arriskuan daude, Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoaren arabera.
Ikerketa honetan piriniarra aztertu dute. Nafarroan, Aragoin, Katalunian, Andorran eta Frantziako Pirinioetan bizi dira, pinu beltzeko basoetan. Eta, orain ikusi dutenez, erdia baino gehiago Haemoproteus eta Leucocytozoon generoetako odol-parasitoekin kutsatuta daude.
Hegazti-malariarekin lotura duten parasitoak dira, eta bektoreen bidez transmititzen dira; lehena, batez ere, Culicoides generoko intsektuek transmititzen dute, eta, bigarrena, euli beltz hematofagoek. Ikertzaileentzat ezustekoa izan da basoilar piriniarretan parasito horiek topatzea, altitude handietan bizi batira hegazti horiek, eta ingurune horretan bektorek horiek ez egotea edo dentsitate baxuetan bakarrik egotea espero zuten.
Gehiago ikertu behar dela aitortzen duten arren, ikertzaileek ez dute baztertzen klima-aldaketaren eta parasito horien hedapenaren arteko lotura. Izan ere, Pirinioak dira tenperaturak gehien handitu diren lekuetako bat —gutxienez 1,2 ºC 1949tik 2010era—, eta horrek bektoreen hedapena errazten du.
Ez dakite hemoparasito horiek zer eragin izan dezaketen Pirinioetako basoilarretan; baina, beste hegazti-espezie batzuetan anemia eta heriotza ere eragin ditzake.
Bestalde, herpesbirus bat ere aurkitu dute, basoilarretan inoiz erregistratu gabea, eta oso litekeena da espezie berria izatea. Berria, zientziarentzat, ez basoilarrentzat; seguru asko animalia horiek milaka urtez kutsatu ditu, birus horiek normalean ostalariarekin batera eboluzionatzen baitute.
Edonola ere, agerian uzten du animalia basatien patogenoak oso gutxi ezagutzen ditugula, eta, zentzu horretan, azpimarratu dute garrantzitsua dela agente berriak atzemateko ikerketak egitea, ingurune naturalean dauden patogenoei buruzko ezagutza zabaltzeko.
Espeziearen egoera larria izan arren, ikertzaileek iradoki dute badagoela aukera berreskuratzeko, kontserbazio-estrategia intentsiboen bidez. Esaterako, basoilarren estresa minimizatzen bada, beren habitataren kalitatea hobetuz, birus horien eragina txikiagoa izango da.
Elhuyarrek garatutako teknologia