Basoilarra, berez, hegazti paleoarktikoa dugu, bere bizilekua batez ere Eurasiako iparraldeko taiga zabaletan duelarik. Europako erdialdean eta hegoaldean berriz, hegaztiak inguru menditarretan bilatu behar izan du babesa, bai klima epeltzearen ondorioz, eta bai gizakiaren presio gupidagabeari ihes egiteko beharrak bultzaturik.
Horregatik Iberiar penintsulan basoilarra Kantaurialdeko mendietan eta Pirinioetan aurki daiteke, azken mendikatea honetan bereziki iparraldeko isurialdean eta Aragoa zein Kataluniako zenbait basotan aurki daitekeelarik. Euskal Herriari dagokionez berriz, Nafarroa eta Zuberoako mugetan aurki daiteke Larran eta inguruko bazterretan, bertako pagadi, izeidi eta mendi-pinudien babesean (eta hor ere nahikoa populazio urria mantentzen dela esan behar da; Purroyk 1974.ean sei bat ale bizi zirela esaten baitzuen, J. Elosegik berriz 1985.ean 10 eta 20 hegazti bitarteko populazioa deektatu zuelarik.
Basoilarra oihan menditarretan bizi den gallinazeo erraldoia dugu, eta bere biologiari dagokionez, ageri duen dimorfismo sexual nabaria, arren eta emeen bizimoduen arteko ezberdintasun handiaren islada dela esan daiteke. Basoilar arrak hegazti handi eta ikusgarriak dira, 85 cm inguruko luzera eta 3.500-4.500 g bitarteko pisua lortzen dutelarik.
Euren itxurari dagokionez, janzkera ilun baina deigarriz apaindutako hegaztiak ditugu: hegal gaineko kolorea arre iluna den artean, lepaldeko lumek distira berde urdinskaz hornitutako beltz gordina ageri dute, bularrean eta isats gainean berriz gris iluna nagusi delarik. Moko zuriska eta bekain gorri bizia dira animaliaren itxura lotsagabe eta harroa osatzen duten ezaugarriak.
Emeari dagokionez, berriz, tamaina eta janzkera apalxeagoak ageri ditu. Basoilar emea ez da 62 cm-ko luzeratik gorakoa izaten, eta bere pisua 1.500 eta 2.300 g bitartekoa izaten da —arrarenaren erdia!—. Lumaiari dagokionez ere, honek kolorazio arre gorrizta pintarratu eta kriptikoa du; oihanetako sastraketan ez ikusteko aproposa, alegia.
Ezberdintasun hauek, ugaltzeko orduan sexu biek dituzten jokabide eta betebehar ezberdinekin erlazionaturik daude, noski. Maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran, basoilar arrak basoko argiunetan biltzen dira, egunsenti aurretik, bertan euren “kantu” bitxia lau haizetara zabaltzeari ekiten diotelarik (emeren bat erakarri asmoz). Eta lan honetan itxura deigarri samarra izatea komeni daiteke. Kantatzeko leku bakoitzean bildutako hiruzpalau arrak leiha bizian aritzen dira, lumak harrotuta eta elkarri aurre eginez, norgehiagoka bizian. Eta jokabide horri eutsi behar izaten diote, emeren bat ernaltzeko prest izan, eta bertara hurbiltzen den artean.
Orduan ere, emeak arrik “egokiena” aukeratuko du, eta ernaldua izan ondoren, basora alde egiten du habia egitera, bakarrik, arrak kantatzeko lekuan beste emeren bat iritsi zain geratuko direlarik. Eta lan honek arrisku nabariak ditu. Izan ere, eta sarritan besterik uste den arren, basoilarraren kantua ez da hain ozena izaten. Aitzitik, nahikoa hurbil behar da izan entzun ahal izateko. Bestalde, basoilarra kantari ari deneko “zentzu gabezia” ere mitoa dela esan behar da, eta ezer hurbiltzen bazaio berehala konturatzen da, noski, ihes egiten duelarik. Baina hala ere, ugalketan arrakastarik izango badu, arrak denbora luzez egon behar du kantatzeko lekuan, emeei deika eta beste arrekin lehian, eta horrek izugarri murrizten du ar horren biziraupen-itxaropena, ehiztariek edota bestelako harrapariek atzemateko probabilitatea handiagoa delako.
Ernalketa burutu ostean, emearena izanen da ugalketa burutzeko ardura osoa. Sastraka edo zuhaitz-ipurdiren bat aukeratu, eta bertan, lurrean eraikitako habian, arrez pintarratutako 5-11 arrautza zuri horiska errungo ditu, hauen txitaketa 24-26 egunez luzatuko delarik. Txitoak nidifugoak dira, eta jaio bezain laster habiatik irten, eta inguruko sastraketan ezkutatuko dira.
Hauek, ama bezala, lumaska arre gorrizta kriptikoaz jantzita egoten dira, burua eta lepoa horizta, eta bizkarraldea hori, arre eta beltzez pintarratua ageri dutelarik. Lehen hilabeteetan zehar, txito hauek ornogabeez elikatuko dira, eta azkar haziko dira, bi aste t’erdi dauzkatenerako jadanik hegaldi laburrak egiteko gai izanen direlarik. Bigarren hilabeterako euren dieta aldatzen hasia izango da, eta pixkanaka beren gurasoen elikadura beretsua ustiatzen hasiko dira, basoko lurtzoruan, intsektuez gainera, kimuak, haziak, fruituak, etab. bilatuko dituztelarik. Negua iristen denean, eta elurrak bazka estaltzen duelarik, basoilarrak bestelako baliabideak ustiatzeko joera du, eta sasoi horretan pinu eta izeien azikulez elikatzen da. Bestalde, eta negua latzegia suertatuz gero, migrazio edo mugimendu txikiak ere egin ditzake bere ohizko bizilekutik at, baldintza leunagoen bila.
Emeei dagokienez, hauek urtea bete orduko ugaltzeko gai izaten dira, baina arrek ez dute ahalmen hori bi edo hiru urte bete arte eskuratzen. Hori arren arteko lehiakidetza sexual latzarekin erlazionatzen da. Izan ere, kantatzeko lekuetan biltzen diren arren artean sendoenek lortzen dute emeren bat estaltzea.
Gainerako gallinazeo gehienetan bezala, basoilarraren kasuan ere txitaldi bakoitzeko arrautza-kopuru handia hilkortasun-tasa garrantzitsuarekin lotu behar da. Basoilarraren txitoek hilkortasun-tasa handia dute lehen hilabeteetan, jaiotako guztien % 90 eguraldia txarra deneko urteetan lehen urtea bete baino lehen hil daitezkeelarik.
Bestalde, heldu ugaltzaileen artean urteko hilkortasun-tasa % 40tik gorakoa izan daiteke baldintza naturaletan. Ez da harritzekoa, beraz, gehiegizko ehiza-presioak hegazti hau ia galtzeraino eraman izana. Eta ugalduko bada, urte luzetan babestu beharra eskatuko digu, zalantzarik gabe.
FITXA TEKNIKOA Basoilarra Espeziea: Tetrao urogallus |