Katedral gotikoaren jaiotza

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

katedral-gotikoaren-jaiotza

Parisko St. Denis basilika eta Chartresko katedrala eraikin gotikorik eredugarrienak dira. Pariskoan sortu zen estiloa, eta Chartresen jo zuen goia. Liburu honek batetik besterako bidea kontatzen digu. Ez da arkitektura-liburu tekniko bat, baina estilo gotikoaren sorrerak behar izan zituen aurrerapen teknologikoak aztertzen ditu. Ez da historia-liburu huts bat, baina XII. eta XIII. mendeetan katedralen sorreran gertatutakoa ere azaltzen du. Ez da arte-liburu bat, baina katedral gotikoaren jaiotza artearen ikuspuntutik ere azaltzen du. Hain zuzen ere, hiru eremu horiek erabat uztartuta zeuden garai haietako Frantziaren iparraldean.

Asko idatzi da gotikoari buruz, eta, batez ere, Chartresko katedralari buruz. Teoria asko plazaratu dira haren esanahi mitikoari buruz, eta asko hitz egin da haren espiritualtasunari buruz. Baina liburu hau egokia da zientziaren zaleentzat. Zaleak hainbat gako topatuko ditu liburuan katedral erraldoi haiek nola egin zituzten ulertzeko. Suger abadeak, St. Deniseko basilikaren berrikuntza gotikoaren arduradunak, eta haren arkitekto ezezagunak elementu berri gutxi asmatu zituzten. Hala ere, dagoeneko existitzen ziren batzuk konbinatu zituzten beste inork konbinatu ez zituen bezala, eta estilo gotikoa jaio zen.

Liburuaren egilea, Titus Bruckhardt suitzarra, artearen historiako aditu ospetsu bat izan zen. 1984an hil zen, eta oraindik ere haren liburuak erreferentzia bat dira gaur egun. Ez zuen katedralei buruz bakarrik idatzi; adibidez, aditu handia izan zen Islamaren artean, eta horrek oso perspektiba argia ematen zion musulmanen eta Mendebaldekoen arteko elkarrekintzari buruz. Estilo gotikoaren ezaugarri batzuk Ekialdeko arkitekturan agertzen dira, baina garrantzi eta funtzio bereziak hartzen dituzte katedralen eraikuntzan.

Hizkuntza askotara itzuli da liburua. Besteak beste, gaztelaniaz eta frantsesez argitaratu da. Hemen gomendatu dugun edizioaren hitzaurrea John W. James estatubatuarrak idatzi du, Chartresko katedralean espezializatutako aditu batek. Gainera, jatorrizko argitalpenean ez zeuden 25 irudi berri gehitu dira, liburua are erakargarriagoa egiteko. Editoreen arabera, katedrala bisitatzeko gogoa pizten duen liburua da.

Chartres and the Birth of the Cathedral
Titus Bruckhardt
World Wisdom, 2010
300 x 206 mm
ISBN: 978-1933316772
Gaztelaniazko edizioa: Chartres y el nacimiento de la catedral
Frantsesezko edizioa: Chartres et la naissance de la cathédrale
0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.