Bi jenio aurrez aurre

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

bi-jenio-aurrez-aurre
Arg. -

Brusela, 1927. Solvay kimikari industrialak antolatutako bosgarren konferentzia ari dira ospatzen. Han, hitzalditik hitzaldirako denbora-tarteetan, bi fisikari ari dira errealitateari buruz eztabaidan. Bata Albert Einstein da, seguru asko, historiako fisikaririk ezagunena, eta ordurako oso ospe handia zuena inguru akademikoan zein publiko orokorraren artean; bestea Niels Bohr daniarra da, fisikari ez hain ezaguna, baina ohorezko lekua merezi duena fisikaren historian.

Bi haiekin batera, garai hartako fisikari garrantzitsuenak elkartu ziren konferentzian: Marie Curie, Paul Dirac, Ernst Schrödinger, Max Planck eta errefente bihurtu ziren beste fisikari asko. Baita Werner Heissenberg ere. Heissenbergek ziurgabetasun-printzipioa aurkeztu berria zuen, mekanika kuantikoaren printzipio berezi bat, errealitatearen izaerari zuzenean eragiten ziona; ideia arraro hark abiarazi zituen Einsteinen eta Bohrren arteko solasaldiak eta eztabaidak.

Einsteinek ez zituen onartzen printzipioaren ondorioak. Bohrrek bai. Eta konferentziak iraun zuen hiru egunetan borroka moduko bat izan zuten biek. Einstein saiatzen zen frogatzen ziurgabetasun printzipioa oker zegoela, planteamendu fisikoak asmatuta, eta Bohrri eskatzen zion asmatutako egoera azaltzeko. Bohrrek azalpena ematen zuen, eta Einsteinek planteamendu berri bat asmatzen zuen Bohrren erantzunari aurre egiteko. Baina Bohrrek beti bilatzen zuen erantzun bat.

Konferentzia hartan gertatutakoa da Quantum liburuaren muina. Hain zuzen ere, liburuaren azpititulua "Einstein, Bohr eta errealitatearen izaeraren inguruko eztabaida handia" da. Manjit Kumar idazleak aztertzen ditu konferentzian esandakoak, baina ez hori bakarrik. Konferentzia baino lehenagoko eta ondorengo lanak ere aztertzen ditu, fisikaren esparruaren testuinguru osoa aurkezteko. Azken batean, mekanika kuantikoaren iraultza eta haren protagonista izan zirenen bizitzak daude jasota liburu horretan. Liburu batek baino gehiagok aztertu ditu Einsteinen eta Bohrren arteko eztabaidak; Kumarrek idatzitakoak duen abantaila da oso oreka ona lortu duela kontatzen duen fisikaren eta datu biografikoen artean. Irakurketa arina da, eta, aldi berean, ondo osatua. Horregatik hartu du ospea Quantum liburuak. Orain, euskaraz irakurtzeko aukera dago; Elhuyar Fundazioak argitaratu du euskarazko itzulpena, zientzia-dibulgazioko liburuen Z izpiak bildumaren barruan.

Quantum. Einstein, Bohr eta errealitatearen izaeraren inguruko eztabaida handia
Manjit Kumar
Elhuyar Fundazioa
225 x 130 mm
ISBN: 978-84-92457-66-3
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila