Lekukoak

Miren Cajaraville Bereziartua Zelulen Biologiako katedraduna

“Jakin-mina eta harritzeko gaitasuna zientzialarion berezko ezaugarriak dira”

2021/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Miren Cajaraville Bereziartua ikertzaileak (Donostia, 1964) jasoko du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek emakume zientzialariei egiten dieten Advanced aitortza. Ibilbide zientifiko osoa hartzen du aintzat aipamen horrek, eta, Cajaravilleren kasuan, haren ibilbide emankorra nabarmentzen du; bereziki, kutsaduraren markatzaileak eta ondorioak ikertzen egindakoa, organismo itsastarren zeluletan. Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologian ikertalde finkatuaren zuzendaria da 2001etik, eta PiE Plentziako Itsas Estazioko ikertzailea 2012tik. Talaia horretatik erantzun die galderei, zorrotz, sakon eta itxaropentsu.

Jabier Agirre Lasarte Medikua eta ekintzailea

“Euskarak eduki dezala behar eta merezi duen lekua; horren lekuko izan nahiko nuke”

2021/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Jabier Agirre Lasartek (Donostia, 1952) jaso du aurten Elhuyar Fundazioaren patronatuak ematen duen Merezimendu Saria. Hain zuzen, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzeko helburua du sari horrek; beraz, ondo merezita eman diote Agirreri. Pozik eta esker onez jaso du, eta bere ibilbidean bi arlo horietan, hizkuntzaren normalizazioan eta dibulgazioan, egindako lana gogora ekartzeko aukera eman dio. Bide batez, oraindik bete ez duen ametsa aitortu du: euskarak eduki dezala Espainian gaztelaniak duen maila, eta Frantzian frantsesak duena.

Itziar Alkorta Idiakez Bioetikan aditua

“Iraultzailea izango litzateke kontserbadorea izatea”

2021/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Labur gelditu da orri betea Itziar Alkorta Idiakezen erantzunak jasotzeko, gogoeta mamitsua plazaratu baitu. Izan ere, hamarkadak daramatza giza ugalkortasun artifizialarekin lotutako auzi etiko eta legalak ikertzen, eta kezkaz ikusten du geroa. Donostian jaio zen, 1967an, Zuzenbide Zibileko Irakasle Titularra da EHUn, EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria, Jakiundeko kidea, eta bioetikaren erronken gaineko gizarte-eztabaidaren eragile aktiboa, Euskal Herrian zein nazioartean. Hemen ere eman ditu eztabaidarako gako batzuk, zintzo eta sakon.

Jose Ramon Etxebarria Bilbao Fisikaria

“Herri-mugimenduetan parte hartzea iraultzatxo txikiak abiarazteko bidea da niretzat”

2020/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Elhuyar Fundazioak 2011n eman zion Elhuyar Merezimendu saria Jose Ramon Etxebarria Bilbaori (Gernika, 1948), “euskarazko zientzia eta teknologiaren kulturan egindako lanarengatik”. Udako Euskal Unibertsitateak, berriz, 2018an, haren omenezko liburua argitaratu zuen, esker onez. Eta 2020ko urrian, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman dio, merezimendu osoz. Zoriontzeko deitu, eta atal honetarako galderak egin dizkiogu, bide batez. Erantzunek argi erakusten dute nolakoa den Etxebarria: zintzoa, sakona, gertukoa eta saiatua.

Inma Arostegi Madariaga Matematikaria

“Nahiko nuke proiektuen sakontasuna garrantzitsuagoa izatea itxura baino”

2020/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Inma Arostegi Madariaga Fikan jaioa da, 1966an. Matematikan doktorea da, eta bioestatistikan aditua. Hain zuzen, John Hopkins Unibertsitatean egin zuen masterra. 1996tik dabil irakasle-lanetan Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzaile kolaboratzailea da BCAMen (Basque Center for Applied Mathematics) eta Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuan. Aitortu duenez, ikertzea eta irakastea, biak ditu gustuko. Gogo onez hartu du Elhuyar aldizkariaren gonbidapena ere, nahiz eta galderak “zailak” iruditu zaizkion. Erantzunak emateko denbora pixka bat eskatu du, eta nabari zaio ongi hausnartutakoak direla, gogoeta sakonak eskaini baititu, iraganera zein etorkizunera begira.

Fernando P. Cossío Mora Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa. Kimikaria

“Zientzialariok oso baikorrak gara, pentsatzen baitugu erantzunak aurkitzea posiblea dela beti”

2020/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Fernando P. Cossío Mora San Martín de Villafufren (Kantabria) jaioa da, 1960an. Kimika Organikoko katedraduna da, eta Kimika Bioorganikoaren eta Modelizazio Molekularraren ikerketa-taldearen burua EHUn. Horrez gain, 2009tik, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa ere bada. Ikerbasquen dituen ardurek laborategitik aterarazten duten arren, nabarmena da barreneraino sartua duela kimikari-sena.

Arantza Etxeberria Agiriano Filosofoa

“Filosofiak zientziaren sare zabalaren parte izan behar duela uste dut”

2020/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Arantza Etxeberria Agirianok (Oñati, 1962) Madrileko Unibertsitate Konplutensean egin zituen Filosofiako ikasketak. Gero, EHUn egin zuen doktoretza, eta Sussexeko Unibertsitatean, berriz, doktoretza-ondorengoa. EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakasle da, eta bertako IAS-Research taldeko ikertzailea. Besteak beste, gai hauek lantzen ditu: autonomia eta indibidualtasuna biologian eta medikuntzan, garapenaren biologia ebolutiboa, heriotzaren ikuspegi biologikoa, eta, Zientziaren Filosofian, sailkapenak zientzian eta gizartean (generoa, arraza).

Ruth Lazkoz Saez Astrofisikaria

“Momentuz, misterioak jarraitzen du”

2019/12/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ruth Lazkoz Saez (Bilbo, 1971) EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia saileko irakaslea eta ikertzailea da, eta, uztailetik, baita Espainiako Erlatibitate eta Grabitazioaren Elkarteko lehendakaria ere (SEGRE). Besteak beste, unibertsoaren hedapena ulertu nahian dabil ikertzen, eta eman dituen erantzunetan ere ez da urrundu beretzat eguneroko lana den gaitik: unibertsoaren misterioak.

Miren Bego Urrutia Barandika Fisiologiako doktorea

“Harrigarriena da ikustea jakintza irla baten modukoa dela”

2019/09/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Miren Bego Urrutia Barandika (Gernika, 1966) Fisiologiako doktorea da, eta 1998an hasi zen irakasle-lanetan EHUn, Biologiako ikasleei Animalien Fisiologiaren arloko ikasgaiak irakasten. Ikertzailea ere bada, eta, iaztik, Ikerketa Gizartera Zabaltzeko Zuzendaritzako arduraduna. Lanez gainezka dabilen arren, berehala eman dio baiezkoa elkarrizketa-eskeari. Hala ere, erantzunak ematean aitortu du galderak zailak iruditu zaizkiola; “bereziki, labur erantzuteko”. Beste une batean agian beste erantzun batzuk emango zituzkeela ere esan du. Orain, grinaz beteta erantzun die biei ala biei.

Arturo Muga Villate Biokimikako doktorea

“Iraultza teknologikoa badugu. Orain, iraultza zientifikoa behar dugu”

2019/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen 50. urteurrena ospatzen harrapatu dugu Arturo Muga Villate, Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea (Bilbo, 1961). “Harro” dagoela aitortu du, eta horretarako arrazoiak ere eman ditu: fakultateko graduek unibertsitate osoko gutxieneko nota altuenak dituzte; 50 urtean 18.000 ikasle lizentziatu eta 2.000 doktoratu dira; eta egiten den ikerketa bikaina da, nazioartean ere hala onartzen dute. Hala ere, galderei erantzuteko, fakultateari baino gehiago begiratu dio bere barruari.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila