Begirada emea medikuntzari

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ez da uste edo susmo bat: osasun-zerbitzu batzuetan genero-bereizketa gertatzen da, eta, horren ondorioz, emakumezkoek gizonezkoek baino arreta kaskarragoa jasotzen dute batzuetan. Are gehiago, zenbait kasutan, hilkortasun-tasa handiagoa da emakumezkoetan gizonezkoetan baino, bereizketa horren erruz.
begirada-emea-medikuntzari
Arg. NIH

Genero-bereizketa agerian utzi duen ikerketa adierazgarrienetako bat miokardio-infartuetan pazienteek jasotzen zuten erantzunari buruzkoa da. Hain zuzen, emakumezkoa edo gizonezkoa izan, pazienteek erantzun desberdina jasotzen zutela erakutsi zuen ikerketa horrek.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Elena Aldasoro ikertzailea izan zen egileetako bat, eta kartsu gogoratzen du ikerketa hura: "Garai hartan Osasun ikaskuntza eta ikerketa zerbitzuan nengoen lanean, eta zerbitzu horretan bereizketak saihesteko beti lan handia egin badugu ere, arreta berezia jartzen zen diferentzia sozio-ekonomikoetan, eta ez horrenbeste generoan. Ni, ordea, asko kezkatzen ninduen alderdi horrek, eta horregatik ikertu genuen ba ote zegoen alderik miokardio-infartuaren tratamenduan, generoaren arabera".

Hain zuzen, Aldasorok adierazi duenez, egituran ez dago txertatuta ikuspegi hori, "ia-ia norbanakoen esku dago, eta, beraz, halako ikerketak puntualak izaten dira, ez dute jarraikortasunik". Edonola ere, ikerketa hura benetan garrantzitsutzat jotzen du: "oso lan zorrotza egin genuen, eta, gainera, eman zituen emaitzak ukaezinak dira".

Berez, zentro askoren arteko ikerketa bat zen, miokardio-infartua aztertzeko Espainia mailan --IBERICA azterketa (2004)--, eta Aldasorok Euskal Autonomia Erkidegoari zegokion zatian parte hartu zuen: "Ikertzaileok joera handia dugu azterketetan sexua eta adina aintzat hartzeko, eta konturatu nintzen sexuak kasu honetan bazuela eragina: miokardio-infartuaren intzidentzia txikiagoa zen emakumezkoetan gizonezkoetan baino, baina hilkortasun-tasa, aldiz, handiagoa. Hau da, emakumezkoetan infartu-kasu gutxiago egon arren, gizonezkoetan baino gehiagotan gertatzen da heriotza".

Horren zergatia aztertzean, eragileetako bat biologikoa zela ikusi zuten. "Izan ere, emakumezkoek gizonezkoek baino geroago izaten dute bihotzekoa izateko arriskua, aurretik hormonek babesten dituztelako. Hortaz, gure lehen lorpena izan zen adin handiko emakumezkoak ere sartzea azterketan, ordura arte, ikerketetan, gutxi gorabehera 70 urtera arteko pertsonak bakarrik sartzen baitziren. Zergatik? Bada, ikerketak ikuspuntu androzentriko batetik diseinatzen zirelako, eta horren ondorioz, arriskuan zeuden emakumezkoak ikerketetatik kanpo geratzen ziren".

Horrenbestez, Aldasororen taldeak ez zuen gehienezko adin-mugarik jarri ikerketan parte hartzeko. "Guztira 2.836 pertsonak parte hartu zuten, horietatik % 29 emakumezkoak ziren, eta haien batezbesteko adina 77 urtekoa zen, gizonezkoena baino 10 urte gehiagokoa".

Eragile guztiak barne

Azterketa ez zen erraza izan. "Eragile asko hartu behar ziren aintzat. Guk pertsona batek osasun-zerbitzuetara jotzen duenetik gertatzen diren fase guztiak bereizi eta aztertu genituen. Horrela ikusi genuen adina eta pazienteek izaten dituzten bestelako patologiak (diabetesa, hipertentsioa...) aintzat hartuta ere, bazegoela beste zerbait emakumezkoek heriotza-tasa handiagoa izatea eragiten zuena".

Erantzunaren bila, birbaskularizazioan jarri zuten arreta. Hain zuzen, ebakuntza hori lehenbailehen egitea gako da infartu baten ondoren bizirik irauteko, bizi-kalitate handiarekin. "Izatez, lehen orduari urrezko ordua deitzen diote. Tarte horretan arteria irekitzea lortzen baduzu, zure onera etortzeko aukera asko dituzu. Bada, ohartu ginen emakumezkoei gizonezkoei baino gutxiagotan ezartzen zitzaiela tratamendua. Gainera, tratamenduetako bat ebakuntza bidezkoa da, eta ebakuntza beti ez da egokia emakumezkoentzat, guk haiek baino arteria meheagoak eta bihurgunetsuagoak ditugulako".

Azkenean, ikerketak erakutsi zuen denbora zela giltza: emakumezkoek gizonezkoek baino beranduago jotzen dute osasun-zerbitzuetara, eta, gero, ez ziren behar bezala artatzen. Ikerketaren ondorioa garbia izanagatik, horren atzean dauden arrazoiak onartzea zaila dela azaldu du Aldasorok: "Edozein medikurentzat, gogorra da konturatzea ez dituela berdin tratatzen bularreko herstura eta arnasa hartzeko zailtasunak dituztela esaten duten bi paziente, bata gizonezkoa eta beste emakumezkoa izanik. Muturrera jotzea da, baina, kasu askotan, gizonezkoari elektrokardiograma bat egingo lioke berehala, eta emakumezkoari, berriz, antsiolitikoak hartzeko agindu. Horretaz jabetzea eta ondorioak ikustea latza da, eta eragozpen handiak jartzen dituzte oro har, sendagileak gizonezkoak zein emakumezkoak izan".

Elena Aldasoro (ezkerrean) eta Rosa Rico (eskuinean). Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko ikertzaileak eta langileak dira biak. Arg. Elena Aldasoro; Rosa Rico

Sexua edo generoa

Aldasorok argi utzi nahi du zer alde dagoen sexuaren eta generoaren araberako bazterketan: "Sexua biologikoa da, eta generoa, berriz, kulturala eta soziala ere bada. Medikuntzan, gizonezkoak eta emakumezkoak modu bereizian hartzen direnean, gehienetan ez da izaten sexuarengatik, baizik eta generoarengatik".

Sexua eta generoa medikuntzan duten eraginarekiko nola erlazionatzen diren ulertzeko erabiltzen den adibideetako bat biriketako minbiziarena da. Orain dela urte gutxira arte, gaixotasun hori askoz ere zabalduago zegoen gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino, eta horretarako arrazoiak ez ziren biologikoak (gizonezkoen birikak ez dira emakumezkoenak baino ahulagoak edo ez dute minbizia sortzeko joera handiagoa), sozialak baizik: gizonezkoek ohitura handiagoa zuten tabakoa erretzeko, eta gazte zirela hasten ziren erretzen. Ohiturak aldatzen ari diren heinean, areagotzen ari dira biriketako minbizi-kasuak emakumezkoetan.

Salaketetatik proposamenetara

Generoak medikuntzan duen eragina gero eta argiago badago ere, oraindik gabezia handiak daudela aitortzen dute adituek. Alde horretatik, esanguratsua da Nature zientzia-aldizkari ospetsuak hiru artikuluz osatutako sorta bat argitaratu izana 2010ean. Zenbaki horretako editorialaren izenburua garbia da: "Putting gender on the agenda ", hau da, generoari lehentasuna ematea eskatzen du hasiera-hasieratik.

Editorialean salatzen denez, "arrek menderatzen dituzte" ikerketa biomedikoak, eta, proba klinikoetan, emakumezkoen parte-hartzea "txikiegia" da nabarmen. Horren ondorioz, emakumeei ezartzen zaizkien tratamenduak eta ematen zaien arreta ez dira behar adina oinarritzen ebidentzia zientifikoetan, ez behintzat gizonezkoen kasuan bezainbeste. Hori erakusten duten adibide bat baino gehiago azaltzen dira jarraian argitaratutako hiru artikuluetan.

Lehen artikuluan --"Sex bias in trials and treatment must end "--, egileek (Northwestern Unibertsitateko ikertzaileak) dei egiten diete zientzia-aldizkariei, ikertzaileei eta diru-laguntzak ematen dituzten agentziei emakumezkoak gizonezkoen parean jartzeko bai ikerketetan bai klinikan. Egileen esanean, parekotasuna bermatzea "funtsezkoa da", gaitzak ez baitira berdin azaltzen generoetako batean eta bestean. Diotenez, aldeak daude gaitz askoren intzidentzian, prebalentzian, sintometan eta bilakaeran, eta diferentzia horiek ondo dokumentatuta daude, adibidez, gaixotasun autoimmuneetan (artritis erreumatoidea, lupusa, esklerosi anizkoitza...), zenbait asaldura psikologikotan (depresioa, eskizofrenia, autismoa, jatearen asaldurak...), neke kronikoaren sindromean, asman eta minbizi batzuetan.

Gaixotasun horiekin batera, bereziki aipatzen dituzte gaixotasun kardiobaskularrak. Miokardioko infartuaz Aldasorok ohartarazi duen bezala, "hilkortasun-tasak handiagoak dira emakumezkoetan gizonezkoetan baino", neurri batean, gizonezkoek dituzten sintomak direlako tipikoak, eta, horien aldean, emakumezkoenak, ezohikoak dira, eta, beraz, zaila da haiei antzematea. Are gehiago, erabiltzen diren proba diagnostikoak emakumezkoentzat ez dira gizonezkoentzat bezain aproposak. "Egoera honek horrela jarraituko du, proba klinikoetan generoaren araberako desberdintasuna ezabatzen ez den arte", ondorioztatu dute egileek.

Horretaz guztiaz gain, sendagaien eta tratamenduen eraginaz ere idatzi dute artikuluan. Hain zuzen ere, emakumeek eta gizonek ez diete berdin erantzuten sendagaiei eta tratamenduei; "alabaina, diferentzia horiek gutxitan hartzen dira kontuan botikak agintzean edo tratamenduak ezartzean". 2005ean egindako lan bat aipatzen dute; haren arabera, 1995-2000 urteen artean garatutako 300 botikatan alde nabarmenak topatu zituzten metabolizatzeko eran, baina alde horiek ez ziren kontuan hartzen dosien gomendioetan. Egileen ustez, horixe izan daiteke emakumezkoek gizonezkoek baino 1,5 aldiz albo-ondorio kaltegarri gehiago izateko.

Artikuluaren amaieran, egoera aldatzeko lau proposamen egiten dituzte. Lehenengoa zientzia-aldizkariei eta bigarrena araudien egileei eta diru-laguntzak ematen dituzten agentziei daude zuzenduta, ikerketak argitaratzean, baimentzean edo laguntzean kontuan izan dezaten parte-hartzaileen artean parekotasunik ote dagoen. Dena dela, hirugarrena iruditzen zaie garrantzitsuena, eta "pazienteekin harremana duten sendagileei" dago zuzenduta; haiei gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden diferentziak kontuan izateko eskatzen diete. Azkenik, osasun-erakundeei eskatzen diete emakumezkoak bultzatzeko ikerketetan parte hartzera.

Emakumeek eta gizonek ez diete berdin erantzuten sendagaiei eta tratamenduei; alabaina, diferentzia horiek gutxitan hartzen dira kontuan tratamenduak ezartzean. Arg. NIH

Emakume haurdunez eta animaliez

Artikulu-sortako bigarrena emakume haurdunei buruzkoa da. Zehazki, fetuari kalte egiteko arriskurik ez izateko, emakume haurdunak proba klinikoetatik kanpo geratzen direla jartzen du agerian artikuluaren egileak, Dalhousie Unibertsitateko Françoise Baylis ikertzaileak. Haren ustez, "hori onartezina da, ikuspuntu etikotik eta medikutik, bi arrazoiengatik: emakume haurdunak gaixotu egiten dira, eta emakume gaixoak haurdun geratzen dira". Horrenbestez, beharrezkoa iruditzen zaio ezagutzea zer gertatzen zaien eta zer botika edo tratamendu komeni zaien eta zer ez.

Horretarako, ezinbestekotzat jotzen du emakume haurdunek ere parte hartzea proba klinikoetan. Horrekin batera, fetuari kalte egiteko arriskua gutxitzeko, emakumezkoak proba klinikoetan fase aurreratuetan sartzea proposatzen du. Alegia, beste taldeak hirugarren fasean daudenean hastea haurdunak lehen fasearekin, probatzen ari diren sendagaia haientzat segurua dela ikusi baitute ordurako.

Nature k argitaratutako sortaren hirugarren eta azken artikulua Kaliforniako Unibertsitateko bi ikertzailek sinatzen dute, eta animaliekin egindako ikerketen gainekoa da. Ikertzaileek ikusi dute biologiako hamar diziplinetatik zortzitan eme gutxiegi daudela. Emeen bazterketa bereziki nabarmena da neurozientzietan, farmakologian eta fisiologian.

Bazterketa hori oso larria iruditzen zaie egileei: "Adibidez, antsietatea eta depresioa bi aldiz gehiago diagnostikatzen dira emakumezkoetan gizonezkoetan baino, baina asaldura horiek aztertzen dituzten ikerketen % 45ean baino gutxiagotan erabiltzen dira emeak". Nonbait, tiroidearen gaitz batzuekin ere antzekoa gertatzen da; emakumezkoetan 7-10 aldiz ohikoagoak diren arren, ikerketen % 52an soilik erabiltzen dituzte emeak.

Kaliforniako ikertzaileen ustez, emeak ez erabiltzeko arrazoietako bat izan daiteke arrak baino aldakorragoak direla berez, hormona-zikloaren ondorioz, baina, aldakortasun horrek ere kontuan hartzekoa izan beharko lukeela pentsatzen dute. Horregatik guztiagatik, bazterketa eragozteko neurriak hartzearen alde azaltzen dira, eta horretan lagunduko luketen proposamenak ere egiten dituzte.

Berdinak desberdin, eta alderantziz

Proposamenak egitasmo bihurtu dira zenbait kasutan, eta, EAEn, adibidez, Elena Aldasorok, Rosa Ricoren zuzendaritzapean eta beste batzuekin batera, praktika klinikoetan genero-ikuspegia txertatzeko gomendioak landu zituen. Horien helburua da "ez tratatzea berdin desberdinak direnean, eta, alderantziz, ez tratatzea desberdin berdinak direnean; biak gertatzen baitira, eta biek dituzte ondorio kaltegarriak emakumeentzat".

Rosa Rico Eusko Jaurlaritzako Osasun Teknologien Ebaluazioko Zerbitzuaren burua da gaur egun. Azaldu duenez, zerbitzuaren egitekoa da osasun-teknologien kalitatea ebaluatzea, eraginkortasunaren, segurtasunaren eta beste faktore batzuen aldetik. Eta argitu du: "teknologia ez da bakarrik tresnak; botikak ere badira teknologia, eta baita sendagileak pazientearekin duen elkarrizketa, edo ematen dizkion gomendioak, esaterako". Hala, zientzia-literaturan argitaratutakoa bildu eta aztertzen dute, sendagileek edo agintariek erabakiak hartu behar dituztenean, horretan oinarritu daitezen.

Lan hori egitean, sarritan ikusi ditu genero-ikuspegia aintzat ez hartzeak emakumezkoei ekartzen dizkien ondorio txarrak, "baina baita gizonezkoei ere". Azken finean, genero-ikuspegiarekin lan egitea denentzat da mesedegarria, eta horretan ari dira ahalegintzen.

Carme Valls Llobet: Emakumeak ikusgai eginez medikuntzarentzat
Carme Valls Llobet endokrinologoa eta ikertzailea erreferente nagusietako bat da osasun-zerbitzuetan emakumezkoek pairatzen duten bazterkeria salatzen eta agerian jartzen dutenen artean.
Bartzelonan du kontsulta, eta ez da erraza harekin elkarrizketa bat egiteko hitzordua jartzea; ez elkarrizketari uko egiten diolako, baizik eta egunak bete-beteak dituelako, pazienteen bisiten eta bestelako lanen artean. Hala, gurekin hitz egiteko tarte bar hartzea lortu aurretik, hainbat aldiz atzeratu behar izan du hitzordua; azkeneko aldian, epaiketa batek izan du errua, "baina hori kontatuko dizut gero", dio Vallsek. Izan ere, epaiketak lotura du gaiarekin.
Hastapenak gogoratuz hasi du elkarrizketa: "Medikuntza ikasten ari nintzela, uste nuen emakumezkoen eta gizonezkoen gorputzak berdinak zirela. Baina denborarekin konturatu nintzen uste hutsa zela, zientzia gizonezkoez bakarrik arduratzen baitzen. Emakumezkoak ikusezinak ziren zientziarentzat". Hain zuzen, "Emakume ikusezinak" du izenburutzat gerora idatzi zuen liburuetako batek.
Urteak igarota, kontsultan gizonezkoak zein emakumezkoak jasotzen zituen Vallsek, eta batzuek eta besteek beregana jotzeko zituzten arrazoiak desberdinak zirela ohartu zen. "Gainera, emakumezko askok eta askok gauza bera esaten zidaten: ohiko osasun-zerbitzuetan ez zituztela aditu, ez zirela ulertuak sentitu. Mina edo beste sintoma batzuekin joaten zirela medikuengana, eta haiek lasaigarriak eta mina kentzekoak agintzen zizkietela, baina sintomen jatorria bilatu gabe. Gizonezkoek, aldiz, ez zuten horrelakorik kontatzen: viagra bila edo arazo akutuekin etortzen ziren. Hortaz, hor bazegoen diferentzia nabarmen bat: batzuk gaitz kronikoekin etortzen ziren, eta besteak, akutuekin".
Orduan, kongresu bat antolatzea erabaki zuen, eta, halaxe, 1990an Emakumeak eta Bizi Kalitatea izeneko nazioarteko kongresua egin zuten Bartzelonan. "Kongresu hartan, gogoeta egin genuen ba ote zegoen alderik gaixotzean, gizonezkoek eta emakumezkook jasotzen dugun arretan, tratamenduetan, laguntza bila jotzen dugun lekuetan...
Eta orduan ikusi genuen, adibidez, guk haiek baino gehiago jotzen dugula lehen arretara, eta haiek, ospitaleetara; diferentziak daudela morbilitatean; eta faktore sozialak ere nahasten direla".
Ordura arte arlo horretan egindako ikerketen berri ere izan zuen. Esaterako, Marianne Frankenhaeuserrek Karolinska Institutuan egindako lana ezagutu zuen. Frankenhaeuserrek estresa ikertu zuen, jakiteko zerk sortzen zuen generoen artean zegoen aldea. Eta frogatu zuen estresaren hormonak sortzen dituzten guruinek, giltzurrun gainekoek, funtzionamendu berdina zutela bietan; desberdintasun nabarmenena ez zen biologikoa, nolako bizimodua zuten baizik. Ikerketak agerian jarri zuen emakumezkoak gizonezkoak baino estres handiagoa izatearen arrazoia zeramaten bizimodua zela.
Carme Vallsek urteak daramatza emakumeen osasun-eskubideak babesteko borrokan. Arg. © Carme Valls
Kongresu haren ondoren, Vallsek gobernuz kanpoko erakunde bat sortu zuen beste lagun batzuekin batera: Analisi eta Osasun Programen Zentroa (CAPS). "Zentroaren helburua zen osasun-saretik kanpo geratzen ziren gai konplexu hauek aztertzea, eta, horren barruan, Emakumea, Osasuna eta Bizi Kalitatea programa jarri nuen martxan. Geroztik, nazioarteko sei kongresu antolatu ditugu CAPSetik, eta osasun-profesionalen sare bat ere eratu dugu. Sare hau oso garrantzitsua da, emakumezkoen ikusezintasuna ez delako osasun-zerbitzuetara jotzean bakarrik gertatzen, ikerketan ere gertatzen da. Ez dago desberdintasunaren zientziarik".
Alderdi horretatik, pausoak ematen ari direla onartzen du. "1990eko hamarkadaren inguruan morbilitate diferentziala terminoa sortu nuen, eta gaur poza ematen dit ikusteak Espainiako unibertsitate batzuetan termino hori erabiltzen dela, eta, adibidez, Pompeu Fabra Unibertsitatean ikastaroak ematen dituzte, osasuna eta generoaren gainean". Oro har, emakumezkoekiko arreta berezia merezi duten gaixotasunak, kontsulta-arrazoiak edo arrisku-faktoreak biltzen dira morbilitate diferentzial terminoan.
Hala ere, bilakaera oso-oso motela izaten ari dela iruditzen zaio. "Hamabost urte daramagu erakusten emakumezkoak ikusezinak zirela kardiologia-gaixotasunetan, eta oraindik ere gaixotasun kardiobaskularrak emakumezkoen heriotzen lehen eragileak izaten jarraitzen dute mundu osoan. Jende askok uste du gaixotasun horiek direla gizonezkoen heriotzen eragile nagusia, baina ez, haiena minbizia da".
Hori kontuan hartuta, azterketa bat egin du ikusteko, arazo kardiobaskularrekin lotutako ikerketetan, zenbatetan hartzen zituzten aintzat emakumezkoak. "1990eko hamarkadan, ez zegoen bat bera ere; izan ere, zabalduta zegoen emakumezkoak ez zirela bihotzekoak jota hiltzen. 20 urte geroago, badakigu uste hori okerra dela, bihotzekoak eta zirkulazio-aparatuko patologiak direla eta izango direla heriotza-eragile nagusiak. Hortaz, orain hori badakigunez, emakumezkoek ere parte hartzen dute azterketa klinikoetan. Zenbatetan? % 28,5etan. Hau da, ikerketen % 70 baino gehiagotan ez dituzte emakumeak azterketa-objektutzat hartu, eta, kasu horretan, komeni zaigu objektu izatea".
Umore-kolpe horren ondoren, egoera hobetzen ari dela erakusten duen adibide bat jarri du: "Poliki bada ere, ari gara aurreratzen, bereziki, alderdi jakin batzuetan. Esaterako, medikuntza-aldizkari espezializatuek, The New England Journal of Medicinek, The Lancetek, JAMA k eta halakoek, baztertu egiten dituzte emakumezkoak aintzat hartu gabe egindako populazio-azterketak, ez dituzte argitaratzen. Hori oso ondo dago, hartara, emakumeak aintzat hartzera behartzen baitituzte ikertzaileak".
Erakundeak ere, pixkanaka, ari dira txertatzen generoaren ikuspegia osasun-zerbitzuetan eta medikuntza-sisteman. Adibidez, Europako herrialde gehienek sinatu dituzte generoak osasunean eragiten duela onartzen duten nazioarteko hitzarmenak, baina oraindik hanka-motz ikusten ditu politika zehatzak ezartzean.
Prozesu naturalen medikalizazioa
"Medikuntzak, gizarteak bezala, androzentrista izaten jarraitzen du. Horrek ondorio asko ditu. Batzuk aipatu ditugu, eta aipatzea merezi duen beste kontu bat emakumezkoen prozesu naturalen gehiegizko medikalizazioa da". Gizonezkoek ere arazo berbera ez ote duten galdetzean, argi erantzun du: "Bai zera! Haiei ez zaie halakorik gertatzen. Begira: nik jakin nahiko nuke zergatik emakumezko batzuek hilekoaren asaldurak dituzten, zergatik izaten dituzten neurriz kanpoko isuriak, zergatik duten endometriosia... Gaixotasunen zergatiak jakin nahi nituzke. Sendagileak, baina, ez dira horrekin kezkatzen: antisorgailuen bidez sintoma desagerrarazten dute eta kito arazoa".
Sarritan, antisorgailuak aginduta estaltzen dira hilekoaren asaldurak.
Ongi diagnostikatzea funtsezkoa dela iruditzen zaio: "Estresa ote duten begiratu, zer ingurunetan bizi diren eta egiten duten lan, zer bizimodu daramaten... Hor egon daitezke zergati batzuk, baina horiei ezikusia egin eta berehala medikalitzatzeko joera dago. Konponbide azkarra bezain faltsua da. Hilekoa ez duen neska bati antisorgailuak emanez gero, odol-isuria izango du, baina hori ez da menstruazioa".
Vallsek etengabe nabarmentzen du bizimoduak eta faktore sozialek duten garrantzia: "Ginekologiarekin zerikusirik ez duten sintomekin ere gauza bera gertatzen da. Nekatuta nagoelako medikuarengana jo, eta depresioaren kontrako botikak agintzen dizkit. Galdetu dit zer egiten dudan egunean zehar, zer ardura ditudan? Kasu askotan, gakoa hor egongo da, eta, horretan sartu beharrean, osasun-zerbitzuetan pertsona horren osasun mentala patologizatu egiten da, depresioa duela esanaz. Bada, depresioaren-kontrakoek edo antsiolitikoek ez dituzte pertsona horrek dituen arazoak konponduko".
Txanponaren beste aldea ikusi nahian, erditze-garaiko zenbait jokabide saihesteko taldeak eta mugimenduak sortu direla nabarmendu du (episetomiak ia sistematikoki egitea, edo beharrezkoak ez diren zesareak...), "nahiz eta oraindik ezin dugun esan gure erditzea gurea dela".
Dena dela, erditzearen ingurukoak baino larriagoak iruditzen zaizkio menopausiarenak. "1990ean kongresua egin genuenetik 2002-2003ra arte, ordezko hormona-terapia zabalduta zegoen erabat, frogatu zen arte mesede baino askoz ere kalte handiagoa egiten zuela. Zer gizon medikalizatzen dute? Kenduta gai sexualak, viagra eta gauza horiek, ez dituzte medikalizatzen, tratatu egiten dituzte".
Agindu bezala, zer epaiketatan parte hartzen ari den azaldu du bukatzeko: "Kontua da, bere garaian, hainbat lantokitan intsektizidak erabili zirela izurriak ez izateko, eta ez zirela segurtasun-arauak bete. Horrek ekarri zuen andereñoak, erizainak eta beste langile batzuk, denak emakumezkoak, larri erasanak geratu izana, batez ere neurologikoki eta hormona-sisteman. Horren ondorioz baliaezintasuna hartu behar izan dute, baina, epaitegietara jo dutenean, medikuek esaten diete dituzten sintoma guztiak menopausiarengatik direla; antsietatea eta depresioa dutela, hori baino ez. Gizonezko bati ez liokete horrela erantzungo".
Carme Vallsek ingurumena kutsatzen duten poluitzaileek emakumezkoen osasunean duten eragina ikertu du, eta, besteak beste "Consecuencias clínicas a corto, medio y largo plazo de fumigaciones en el lugar de trabajo " izeneko artikulua argitaratu zuen 2000. urtean, eta denbora darama emakumezko langile horiei laguntzen eta babesa ematen.
Carme Valls
Carme Valls Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua da, eta Barne Medikuntza eta Endokrinologian dihardu. Analisi eta Osasun Programen Zentroaren (CAPS) zuzendari gisa, Emakumezkoa eta Bizi Kalitatea nazioarteko kongresua antolatu zuen 1990. Geroztik, beste hainbat jardunaldi eta bilera antolatu ditu, esparru berean. "Emakumeak eta gizonak. Desberdintasunen epidemiologia" ikasgaiaren irakasle da Bartzelonako Unibertsitatean, eta morbilitate diferentzialari buruzko ikastaroak ematen ditu han eta hemen. Bere ibilbidearen zehar, hainbat dibulgazio-liburu eta zientzia-artikulu argitaratu ditu.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila