Patologia askok erasaten diote malkoari begian, eta deserosotasuna eta narritadura eragiten diote pazienteari. Begi-patologia horietako bat konjuntibotxalasia da, zeinaren ezaugarria baita beheko betazalean konjuntiba-plegu erredundanteak izatea. Batez ere, adineko pertsonei eragiten die, eta ehun konektiboan gertatzen diren zahartzaroko aldaketek sorraraz dezakete.
Fenomeno hori azaldu nahi duten bi teoria daude. Horietako baten arabera, zahartzeak eragiten ditu beheko betazaleko osagaietan gertatzen diren aldaketak; teoria horrek iradokitzen du begi-azalean hantura izateak areagotu egin dezakeela endekapen elastikoa. Hala, konjuntibotxalasiak atzeratu egingo du malkoa berritzeko prozesua, eta horrek narritatu egiten du begia; izan ere, proteina espezifiko batzuk metatzen dira, zeinek hantura-jarduera handitzen baitute eta arazoak eragiten baitizkie pazienteei, hala nola narritadura, begia lehortzea eta ikusmen gandutsua.
Gure lanean faktore horiek izan genituen kontuan, eta betazaleko pleguak kentzean zetzan tratamendu kirurgiko baten eraginkortasuna ebaluatu nahi izan genuen; kirurgia egin aurretik eta ondoren, malko-lagin bat hartu zen, eta analizatu zen ba ote zen hantura-markatzaile baten arrastorik (ikus erantsi den bibliografia), aurretiaz egindako ikerketetan oso handia zela ikusi baikenuen.
Ikerketan, 12 pazientek hartu zuten parte: gaixotasunaren fase larrian zeuden, ez zioten erantzuten tratamendu farmakologikoari eta betazaleko kirurgia egin behar zitzaien. Malko-laginak hartu zitzaizkien kirurgia egin aurretik eta hilabete igaro ondoren, kirurgiak begi-azaleko hanturan zer eragin zuen ikusteko. MMP-9 metaloproteinasa hautatu zen biomarkatzailetarako. MMP-9 enzima bat da, hantura eragiten duten beste substantzia batzuk aktibatzen dituen; substantzia horiei interleuzina deritze, eta betazaleko ehunak suntsitzen dituzte.
Malko-laginak analizatuta, egiaztatu zen MMP-9 entzimaren kontzentrazioa nabarmen handiagoa zela konjuntibotxalasia zuten pazienteetan kontroleko sanoetan baino, eta markatzaile horren mailak asko jaitsi zirela kirurgia egin ondoren.
Bost asteko segimendua egin ondoren, ebakuntza egin zitzaien begi guztiek konjuntiba-azal leun eta egonkorra zuten berriro, eta epitelio-akatsek hobera egin zuten kasu gehienetan.
Ondorio gisa nabarmendu dezakegu biomarkatzaileak garrantzi handikoak direla begi-azaleko patologietarako, non laginak metodo ez-inbaditzaileak baliatuz lor baitaitezke. Malkoaren bidez, begi-azaleko patologia batzuen biomarkatzaileak lor daitezke, eta zenbait tratamenduren kausa zein erantzuna ezagutzeko balio dezakete. Biomarkatzaile horiek adierazten digute zer prozesu biologiko dauden asaldatuta gaixotasunagatik; kasu honetan, esate baterako, litekeena da hanturak eragin handia izatea konjuntibotxalasian. Azterketari esker, metodo kuantitatibo baten bidez frogatu da kirurgia egokia izan zela, ez bakarrik pazienteak dituen sintomei erreparatuta —zeinak subjektiboagoak izan baitaitezke—, baizik eta biomarkatzaile jakin baten kontzentrazioa gutxitu delako.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak