Ezaguna da Malthus-en tesi ekonomikoak Charles Darwin eta Alfred Russel Wallacengan izan zuen eragina. Hemeretzigarren mendeko Ingalaterra industrializatu eta gainpopulatuan zegoen giro sozioekonomikoak arrasto nabaria utzi bazuen naturalista horiengan, hori aldez aurretiko jarrera zutelako da. Izan ere, bai Darwinek eta bai Wallacek testuinguru ezin hobea aurkitu zuten ekosistema tropikal oparoetan espezieen (eta indibiduoen) arteko bizitzagatiko borrokaren garrantziaz ohartzeko. Lehia hautespen naturalaren ardatz hartzeak jarraian ekarri zuen espezieen koexistentziarako paradigma gisa ere zabaltzea.
Egun hautespen naturala espezieen eboluziorako kontsentsuzko mekanismoa bada ere, hori ez da beti horrela izan. Darwinen Espezieen jatorriaren argitalpenak bazterrak harrotu zituen 1859an. Europan (eta, askozaz beranduago, baita Amerikako Estatu Batuetan ere), teoria eboluzionistaren kritikarik bortitzenak erlijioaren eskutik etorri ziren. Sinestun askoren begitara, hautespen naturalak kolokan jartzen zuen biziaren sorreran jainkoak izan zuen esku-hartzea. Europatik harago sortutako kritika-hotsei, ordea, bestelako kutsu moralista bat zerien. Haien ordezkaririk ezagunena Piotr Alekseievitx Kropotkin errusiar printzea dugu, zeinak indibiduoen arteko kooperazioa (eta ez lehia) aldarrikatu zuen eboluzioaren motor gisa. Darwinek eta Wallacek egin bezala, Kropotkinek ere behaketa naturalistikoetan oinarritu zituen bere tesiak; kasu honetan, baina, Siberiako ekosistema urri eta bortitzetan egindakoetan. Halako ingurune latz baten aurrean animaliak (gizakiak barne) zenbat eta elkartuago agertu, elkarri orduan eta gehiago laguntzen ziotela ikusi zuen. Behaketa horretatik abiatuta, aldarrikatu zuen espezie zein banakoen arteko elkarrekintza positiboak funtsezkoak zirela haien biziraupenerako.
Stephen Jay Goulden arabera, Kropotkinen tesiak Errusian puri-purian zegoen korronte ekologiko zabalago baten isla ziren. Edozein kasutan, Kropotkinenak, eta berak formulatutako gisan, dira Europa zaharrean oihartzuna izan zuten arrazoibideak. Printzeak, espezieen eboluzioa azaltzeko ez ezik, erreforma sozialista baten alde egiteko argudio gisa erabili zituen bere ondorio naturalistikoak. Are gehiago, esan dezakegu naturan bilatu nahi izan zuela bere jarrera politikoentzako sostengua, darwinismo sozialak berak egin legez. Historiak erakutsi dizkigu horrelako ariketen emaitza oker eta ankerrak (konkistak, arrazakeria eta langile-klasearen zapalkuntza ere justifikatu izan dira hautespen naturalaren izenean). Kropotkinen naturaren gaininterpretazioak, ordea, eta batez ere haren argudioei zerien kutsu ezkertiarrak, haren tesien arbuiatzea ekarri zuen Bigarren Mundu Gerraren ostean, hain zuzen ere teoria ekologikoaren oinarriak finkatu zirenean.
Mende luze bat itzalean eman ondoren, espezieen arteko elkarrekintza positiboen inguruko ikerketak suspertu egin dira azken bi hamarkadetan. Elkarrekintza horiek bi espezieen mesederako (mutualismoa) edota bakar baten mesederako izan daitezke, baldin eta besteak kalterik pairatzen ez badu (komentsalismoa). Harreman-mota horiek leinu ebolutibo bereiztuen artean gertatzen dira maiz. Horren adibiderik ezagunenak mikorrizak eta likenak ditugu, baita zenbait landare eta haien polinizatzaileen arteko elkarrekintzak ere. Darwinek berak behatu bezala (haien garrantzia ikuspegi ebolutibotik aintzat hartu ez bazuen ere), elkarrekintza positiboen aniztasuna izugarria da. Haatik, eta Kropotkinen tesiaren haria ez galtzeko, hemendik aurrera, maila trofiko bereko espezieen arteko errazte-elkarrekintzetaz soilik arituko gara.
Errazte-elkarrekintzetan, espezie batek inguruneko baldintzak eraldatzen ditu inguruko beste espezie baten edo gehiagoren mesederako eta haien hazkuntza, ugalketa edota biziraupena areagotzeko. Parasitismo-harremanetan ez bezala, kondizioak errazten dituen espezieak ez du inolako kalterik pairatzen. Identifikatu diren errazte-mekanismoak anitzak dira; besteak beste, estres abiotikoa hobetzea; baliagaiak eskuratzea, deskonposizioa eta nutrienteen zikloa areagotuz, ura erakarriz eta abar; polinizazioa, dispertsioa, predazioaren aurreko babesa eta halako zerbitzuak trukatzea; habitataren konplexutasun espaziala eta tenporala emendatzea; eta baita habitat berriak sortzea ere. “Nire etsaien etsaia nire laguna da” bezalako zeharkako mekanismoak ere proposatu izan dira (irakurleak adibide-sorta bat aurkituko du artikulu honen bibliografian; ikus, adibidez, Holt 2009). Errazte-mekanismo horiek guztiak hobeto ulertzeko, goi-mendian agertzen diren kuxin-itxurako landareak dira adibide bikaina. Kuxin-landareen hazkuntza trinkoa goi-mendiko baldintza klimatikoei (hotza, haizete idorrak, elurteak, intsolazioa) aurre egiteko egokitzapen bat da. Hazkuntza horrek azalera minimoa eta bolumen maximoa bermatzen dituenez, landareak gai dira negu-partean hotzari aurre egiteko eta uda-partean ur-galerak ekiditeko. Kuxinean transpirazio baxuagoa eta hezetasun erlatibo handiagoa daudenez, goi-mendiko baldintzetara erabat egokituak ez dauden espezieak hazten dira han. Ekosistema bero eta lehorragoetan, ordea, mikrohabitataren eraldaketa inude-landareen babespean gertatzen da. Bertan zenbait espeziek eboluzionatu zuteneko jatorrizko baldintzak antzematen dituztenez, baliteke prozesu hori gakoa izatea espezie horiek aldaketa klimatikoen aurrean aurrera egin ahal izateko. Adibide horiek agerian uzten dute errazte-elkarrekintzek garrantzia dutela bioaniztasunaren antolamendu eta mantentzean, eta, bide batez, Kropotkin ez zela erabat oker.
Azken bi hamarkadetako ebidentzia zientifikoak erakutsi du alferrik dela lehia edo erraztea kontrajartzea. Teoria ekologikoak azkar asimilatu du elkarrekintza positiboen garrantzia, natura sokatiran aritzen dela aitortuz; batzuetan alde batera, besteetan bestera. Behin Darwinismoaren eta Kropotkinen tesien arteko zubia eraikita, erronka nagusia da elkarrekintza positiboen eta negatiboen ekarpen erlatiboa noiz eta zein baldintzapean aldatzen den ulertzea.
Galdera horri erantzuna emateko asmoz, estres-gradientearen hipotesia osatuz joan da azken hamarkadetan zehar. Hipotesi horren arabera, estres fisikoa emendatzeak espezieen arteko elkarrekintza erraztu beharko luke. Aitzitik, lehiak nagusitu beharko luke ingurumen-baldintzak leundu ahala. Ekosistema hotz eta lehorretan eginiko makina bat ikerketak eman diote sostengua aurreikuspen horiei. Hala eta guztiz ere, hipotesiarekin kritiko direnek kolokan jarri nahi izan dute haren orokortasuna, argudiatuz ez dela halakorik gertatzen klima ez beste gradienteen aurrean (adibidez, ur- edota elikagai-gradienteak). Hipotesiaren aldeko ikerketen beste alderdi ahula estresa beraren definizioan datza, sarritan malguegia, sarritan antropozentrikoegia izan baita (adibidez, goi-mendiko baldintzak benetan al dira estresagarriak landare guztientzat?). Eztabaida hori ebazte aldera, orain arte argitaratutako ehunka lan berrikusteari ekin diote ikertzaileek. Metaanalisiaren teknika erabiliz, eta behin ikerketen arteko desberdintasun metodologikoak leunduta eta estresaren definizio hertsia adostuta, hipotesiaren aldeko emaitzak erdietsi dituzte. Estres-mailak (edozein motatakoa delarik) gora egin ahala, landareen arteko errazte-mekanismoen garrantzia handitzen dela baieztatu du ikerketa honek. Lehiarekin, ordea, ez omen da gauza bera gertatzen estres-maila murriztean. Ikerketa horrek balio erantsia du gainera, fenomenoa nonahikoa dela erakusten duelako. Hortaz, eta beti aise identifikagarria ez den arren, interakzio positiboen garrantzia ez omen dago ekosistema jakin batzuetara mugatua.
Honezkero jabetuko zen irakurlea artikulu honen izenburuak darabilen ziriaz. Ez, Darwin (Wallace ere ez) ez zen Siberian izan, eta zer? Ikusi dugun bezala, hori erabat hutsala da, elkarrekintza positiboak nonahi gertatzen baitira. Gainera, Darwinek, bere bidaldian, ezagutu zituen ekosistema hotzak eta estresagarriak ere, eta begi-bistako errazte-elkarrekintzak ikusteko aukera izanen zuen ziurrenik. Eta Darwinek mutualismori arreta berezia eman ziola ere badakigu, hortaz, nekez pentsa dezakegu elkarrekintza positiboen garrantziaren inguruan hausnartu ez zuenik. Adibideak, behintzat, ez zituen faltan izanen. Darwinek egun aitortzen zaien garrantzia adinakorik eman ez bazien, determinaziorik izan ez zuelako da. Gogora dezagun ekintza berekoietatik eratorritako elkarrekintza zela Darwinentzat mutualismoa (eta ez zen guztiz oker). Teoria ekologiko modernoak Kropotkinen tesiak berreskuratu ditu, hein batean behintzat, Darwini falta zitzaiona osatzeko. Historiaren kapritxo batek ekidin zuen bi pertsonaia horien (eta baita Wallaceren ere) arteko topaketa. Izan ere, Kropotkinek Europako erberstera jo zuen Darwin zendu eta hemezortzi urte beranduago. Agian, mahai baten inguruan elkartu izan balira gai naturalistiko hutsez eztabaidatzera, ehun urte hauetako itzala laburragoa litzateke.
Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak
Elhuyarrek garatutako teknologia