Gazteen artean, arazo kardiobaskularrak izateko arriskua askoz ere txikiagoa da emakumearentzat gizonezkoarentzat baino. Baina, menopausiatik aurrera, emakumeak galdu egiten du pixkanaka estrogenoek ematen dioten babes kardiobaskularra, eta, hala, 10 bat urteren buruan, sexuen arteko aldea erabat desagertzen da.
Beraz, emakumea bazara eta bihotza gazte eta osasuntsu eduki nahi baduzu, izan kontuan aholku hauek.
Bizimodu osasuntsuak nabarmen murrizten ditu (kasuren batzuetan ia erdiraino) gaitz horien intzidentzia eta arriskuak. Azken urteotan, baina, gaitz kardiobaskularrak asko ugaritu dira emakumeetan, neurri batean, ohitura txarren ondorioz (tabakoa, alkohola, estresa).
Erretzeak bost aldiz gehitzen du infartua edo garuneko iktusa jasateko arriskua. Nikotinak arteriak uzkurtzen ditu, koaguluen sorrera bultzatzen du eta bihotzeko odol-irrigazioa gutxitzen du; hala, bihotzeko muskuluari oxigeno gutxiago heltzen zaio. Tabakoak hipertentsioa izateko arriskua ere gehitzen du; are gehiago erretzeaz gain emakumeak ahotiko antisorgailuak hartzen baditu, metodo horrek handiagotu
egiten duelako tronbosi benosoa izateko arriskua. Horregatik, emakumeek aukeratu beharra daukate, edo erretzen jarraitu edo pilula hartu, 35 urtetik aurrera batez ere.
Ardoa, neurriz hartzen bada, mesedegarria izan daiteke. Baina ez da ahaztu behar, inolaz ere, alkoholaren gehiegizko kontsumoa oso kaltegarria gertatzen dela sistema kardiobaskularrerako, alkoholak presio arteriala gehitu eta gizendu egiten duelako.
Gainera, alkohol-kantitate berdina edanda ere, kalte gehiago egiten dio emakumezkoari gizonezkoari baino. Horregatik, emakumeak ez luke edan beharko egunean baso bat ardo edo zerbeza bat baino gehiago.
Kontua ez da sakrifizio izugarriak egitea, geure bizimoduan aldaketa batzuk egitea baizik. Geure bihotzak eskertuko digu.
Animalia-jatorriko koipe aseak (haragi koipetsuak, erraiak, hestebeteak, gurina...) dira zure bihotzaren etsairik handienak. Baina janari prestatu askotan (opilak, gozotegietako produktuak, snack direlakoak eta abar) erabiltzen diren landare-koipeak ere oso kaltegarriak dira, janariek luzaroago iraun dezaten industrialki aldatu egiten baitira.
Janari koipetsuak erabat baztertzeaz gain, arrain urdinaren kontsumoa handitu egin behar da (izokina, sardinak, txitxarroa, hegaluzea...), bihotza eta arteriak babesten dituzten omega 3 izeneko gantz-azidoak dituztelako. Landareetatik datozen janari gehiago (frutak, barazkiak, lekaleak, koiperik gabe prestatuak) eta zereal integral gehiago ere jan behar dira eguneroko dietan.
Adin guztietako emakumeek egunero-egunero ordu-erdi bat hartu beharko lukete, gutxienez, ariketa fisikoren bat egiteko: oinez edo bizikletan ibili, igeri egin, edo, bestela, dantza, gimnasia apur bat... edozein ariketak balio du bihotzak odol gehiago ponpatu behar izateko. Kirolak arteriak garbitzen ditu, eta, horrez gain, oso bide ona da kolesterola eta presio arteriala jaisteko.
Egoera jakin batzuek, behar bezala kontrolatu eta zaintzen ez badira, kalte egin diezaiokete osasunari.
Gehiegizko pisuak bihotzerako kaltegarriak diren hormona- eta metabolismo-aldaketak ekartzen ditu, batez ere sobran dagoen gantza pilatzen denean (kasu horretan, bihotzekoa izateko arriskua handiagoa delako). Gerri-buelta 88 cm-tik gorakoa bada, emakumearen kasuan,
arrisku-tartearen
barruan dago, 45 urtetik gora izanez gero, bereziki.
Kolesterol 'txarra' (LDL kolesterola) arterietan pilatzen denean, koaguluak sortzen dira, eta odolaren zirkulazioa oztopatzen da. Bihotzeko gaitzen bat izan duten pertsonek balio hauek izan behar dituzte kontuan:
- Kolesterol totala: 150-180 mg/dl.
- Kolesterol 'ona' (HDL): zenbat eta zifra altuagoa hobe. Gutxienez 35 mg/dl.
- Kolesterol 'txarra' (LDL). Betiere 100 mg/dl ren azpitik.
Odoleko gehiegizko presioak bihotza indar gehiagorekin ponpatzera behartzen du, eta, ondorioz, bihotzeko muskulua nekatu egiten da. Neurri edo balio idealak hauek dira: presio-zifra maximoa 120 mm Hg, eta minimoa, berriz, 80 mm Hg. Ariketa fisikoa egitea, gantzak murriztea eta gatza baztertzea dira arazoa kontrolatzeko oinarrizko neurriak.